Gaur arratsaldean Europako Batzordean Itzulpengintza Estrategiako eta Eleaniztasuneko Zuzendaria den Francisco de Vicente jaunak hitzaldia emango du Donostian, UZEIren 30. urteurrena dela-eta.
Munduko itzulpen-zerbitzurik handiena du Europako Batzordeak, eta bertako Itzulpen Zuzendaritza Nagusiko buruetako bat Donostian da egunotan, UZEIk gonbidatuta. Francisco de Vicente jauna Itzulpengintza Estrategiako eta Eleaniztasuneko Zuzendaria da erakunde horretan eta, Europaren eraikuntzan itzulpengintzak duen garrantziari buruzko hitzaldia emango du Donostian, Andia kaleko Kutxa aretoan, arratsaldeko 18:00etan. UZEIk bere 30. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldietako bat da hitzaldi hori.
Nor da Francisco de Vicente jauna?
Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiko Itzulpengintza Estrategiako eta Eleaniztasuneko Zuzendaria da Francisco de Vicente jauna 2005az geroztik, eta bere ardurapean dago hizkuntza hauen itzulpengintza: portugesa, espainiera, italiera, grekoa, maltera, esloveniera, eslovakiera eta txekiera. De Vicente jaunak itzulpengintzaren eskaintza-eskariak, kanpo-itzulpenak, eleaniztasuna, eta terminologiaren koordinazioa bezalako gaiei buruzko orientabide estrategikoak emateko ardura du.
Europako Batzordearen itzulpen-zerbitzua
Munduko itzulpen-zerbitzurik handienean, guztira, 1.750 itzultzailek eta 600 idazkarik zein administrarik egiten dute lan. Idatzizko agiriak itzultzen dituzte Europako Batzordearentzat, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetatik abiatuta edo hizkuntza horietara. Europako Batzordeko itzulpen-zerbitzuak baliabide aurreratuak erabiltzen ditu itzulpenak kudeatzeko eta dokumentazio-lanetarako: metabilaketak egiteko Quest tresna, Euramis itzulpen-memoria nagusia, eta testuak ahots bidez euskarri informatikora pasatzeko sistema, besteak beste.
Lan-bilera teknikoa Donostian
Gaur goizean, lan-bilera tekniko batean parte hartu dute UZEIren egoitzan hainbat lagunek. Hor izan dira Francisco de Vicente jauna bera, Eneko Oregi (Eusko Jaurlaritzaren Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko burua), Gotzon Egia (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntza eta Sustapeneko Zerbitzuburua), Maria Luisa Etxeberria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Itzulpen Ataleko arduraduna), eta UZEIko lau kide (Jon Etxabe lehendakaria, Imanol Urbieta zuzendaria, Miel Loinaz Terminologia Saileko burua eta Miriam Urkia Lexikografia Saileko burua). Bilera horretan erakunde horietako bakoitzak administrazio arloko itzulpengintzan duen esperientziaz aritu dira, eta bai eguneroko jardunean bai etorkizunari begira dituzten behar teknikoak eta estrategikoak aztertu dituzte.
Erantzun
Sartu