Berrikuntza modan dago, edo Ibon Sarasolak nahiago duen bezala, boladan. Erakunde publikoen izenduretan, biltzar eta hitzaldietan, liburuetan... nonnahi agertzen da "berrikuntza" hitza. Nik kontzeptu berria proposatu nahi dut, "aberrikuntza" alegia.
Euskal Herrian ezinbestekoa dugu aberrikuntza baldin eta sustraiei uko egin gabe etorkizunari begira Herri legez iraun nahi badugu.
Jose Manuel Farto ekonomialariak El Paisen argitaratutako El estado vasco emergente artikuluan zioenez, "zientzia, teknologia eta berrikuntza zientzia estrategiak egundoko garrantzia dauka gaurko erakunde eta gizarte garapenean" eta Ibarretxek Euskadi Europako berrikuntzaren erreferentea izan dadin agertu duen asmoa, hurrengo urteetarako aurrekontua berak zuzendua, euskal Estatu baten sustraiak ezartzeko urratsa izango litzateke.
Ez dakit hori egia den, baina erronka handiak ditugu eta, esate baterako, etorkinen kopurua izugarri handitzeak egundoko arriskua dakar euskararen irauteari dagokionez, izan ere Estatua duten herriek badituzte beren kultura eta hizkuntza babesteko mekanismoak eta gurea, berriz, ahul izateaz gain Espainiar Estatutik datozen erasoei eutsi behar die.
Berrikuntza behar dugu ohituretan, ekonomian, gizartean, komunikatzeko eretan... Baina, batez ere, non gauden jakin behar dugu: gurea aberrikuntza da.
Erantzun
Sartu