Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXI. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera.
- 2007an Suediako Akademiak Doris Lessing idazle britainiarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Lessing-ek idatzitako "The Grass Is Singing" (Belarra kantari) eleberria itzularaztea da.
- Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo bost orriak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED Elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2007ko abenduaren 31a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.
- Lehen orri horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku, hauek eskatu ahala telefonoz, idatziz nahiz e-mailez. Internet bidez ere lortu ahal izango dira testuok, ondoko helbide honetan: www.elkarlanean.com/jokinzaitegi
- Idoia Gilleneak, Aiora Jakak eta Alberto Martinez de la Cuadrak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2008ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.
- Irabazleak 5.500 euroko saria irabaziko du "The Grass Is Singing" (Belarra kantari) eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2008ko irailaren 30ean entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
- Elkar etxeak eskubideak aurrez eskuratuta argitaratuko du "The Grass Is Singing" (Belarra kantari) eleberria euskaraz, eta 2008ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.
- Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Harremanetarako
- elkarlanean@elkarlanean.com (943310267)
- kultura@aedelkartea.com (943771228)
Erantzun
Sartu