Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bernardo Atxagaren webgunea eta bloga

Asier Sarasua - CodeSyntax
2007-10-22 12:10
Bernardo Atxaga Renon dago urtebeteko egonaldia betetzen. Abuztuan joan zen eta ikasturte osoa emango du bertan. Bere liburu berria idazteko aprobetxatu nahi du denbora tarte hau, baina proiektu berri bati ere ekin dio: Atxaga.org webgune berria.

Webgune berri horretan bilduko du idazleak bere lanen inguruko informazio guztia. Hasiera honetan, behintzat, sei atal ditu webguneak:

  • Idazlea: Atxagaren biografia laburra.
  • Bibliografia: Atxagak kaleratu dituen liburuen zerrenda osoa, argitalpen eta edizio guztien informazioarekin, azalak, eta abar.
  • Testuak: Han eta hemen argitaratu diren testu laburrak (aldizkari eta egunkarietan), poesiak, hitzaldietako testuak...
  • Bloga
  • Albisteak
  • Argazkiak: Atxagaren argazkiak, liburuen azalak, hitzaldi eta liburu-aurkezpenak, eta abar.

Webgunea hiru hizkuntzatan dago, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Dena den, bloga euskaraz bakarrik da.

Bloga

Irakurleontzat atalik interesgarrienetakoa Atxagaren bloga izango da. Atxagak euskaraz idatziko du, gutxienez astean behin-edo. Erantzunik gabe, oraingoz: idatziko diotenei erantzuten lana eta buruhausteak hartzeak kezka ematen dio idazleari, eta nahiago du zuhur hasi blogosferan.

Robinson Crusoek ez zukeen nobelarik idatziko. Eta egunkaririk ere ez", halaxe dio Atxagak. Bera ez da Robinson, eta egunkarian argitaratuko ditu bere zenbait gogoeta. Hasiera batean, 4 atal izango ditu blogak:

  • Astoarena, Astoa, memoria oneko animalia
  • Nevadako egunak, Idazle euskaldun bat Mendebalde Urrunean, Renon bizitakoak kontatuko ditu.
  • Paradisuaz, Poemak eta ohar laburrak
  • Gogoetak, Literaturaz eta beste errealitate batzuez.

Lehendik ere badira hainbat euskal idazle blogari: Anjel Lertxundi, Xabier Mendiguren Elizegi, Hasier Etxeberria, ...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu