Teknologia albisteak

Idazleak Ikastetxeetan programa aurtengo ikasturtean

Erabiltzailearen aurpegia
Hasier Rekondo - EIE
2007-10-11 : 11:10

Iaz baino 50 saio gehiago hitzartu dira aurten ‘Idazleak ikastetxeetan’ programaren baitan. "Ez zuen programa horrek hasiera erraza izan, hamar idazle hasi baitziren lanean Donostia inguruan saio bakan batzuk emateko. Pixkanaka joan zen hazten, hezten, eta gaur esan dezakegu heldutasunera iritsi dela”.

Gisa horretara eman zioten hasiera Euskal Idazleen Elkartekoek Idazleak ikastetxeetan programa aurkezteko Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean duela egun batzuk emandako prentsaurrekoari.

Fito Rodriguez, EIEko Lehendakariak erakundeak izan zituen aiputan lehenik. “Batzuetan ez da erraza izaten, baina kasu honetan argi geratzen da elkarlana zilegi dela. Euskal Idazleen Elkarteak orain 15 urte hasi zuen ibilbidea Donostiako Udalak babesten zuen hasiera batean; Gipuzkoako Foru Aldundiak gero, eta duela hamar urtetik hona Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da EIE, batik bat”.

“Iparraldean ere ari da Euskal Idazleen Elkartea literatura eskoletan lantzen; Nafarroan ere aritu da, eta ariko da”, zioen. Eta aipatu du Flaubert, eta bere "Heziketa sentimentala"ren garrantzia, “literaturak eskolaz kanpoko hezkuntzaz aritu ahal izateko bidea eman zigulako”.

EIEko Zuzendari Iratxe Etxebestek adierazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoan Idazleak ikastetxeetan programa aurrera ateratzen bada Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren “babesari esker” dela: “Hitzarmen bat sinatzen dute bi aldeek urtero, eta aurtengoan hitzartutakoaren arabera, 2007-2008 ikasturtean 420 saio egingo dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan; iaz baino 50 gehiago”. Etxebesteren esanetan, irakasleek, eskaera egiteko, www.idazleak.org web gunera sartu beharko dute, eta bertan aurkituko dituzte programaren nondik norako guztiak. “Aldaketa nagusia da aurten idazle guztien abizenak alfabetikoki daudela adierazita, eta aukeraketa modu horretara egin behar dela; ikastetxera zein idazle eraman nahi duzuen garbi izanez gero, behintzat. Bestela, lurraldez lurralde badago aukera programan parte hartzen duten idazle guztien zerrenda eta liburua ere kontsultatzeko”.

“Idazleak ikasleengana hurbiltzeak xarma berezia du hala idazlearentzat nola ikaslearentzat, eta helburu ezberdinak betetzen ditu programak horrela: nagusiena, ikastetxeetan irakurzaletasuna bultzatzea”. Hala zioen, behintzat, EIEko Zuzendariak.

Iritzi berekoa zen Fernando Morillo idazlea. “Askotariko galderak egiten dizkigute ikasleek ikastetxeetara goazenean; harritzeko modukoak, batzuk. Bizipen polita da, haientzat eta guretzat”. Literatura “kirola” dela, eta ildo horretatik, idazlearentzat saio bakoitza liburua “proban jartzea bezala” dela zioen idazle azpeitiarrak. “Ikasleek ez dute lotsarik izaten: liburua gustatu zaien edo ez, ulertu duten edo ez esaten dute beldurrik gabe, eta hori aberasgarria da”.

Ohiko solasaldiez gain, Literaturbideen eskaintza egin du Euskal Idazleen Elkarteak ikasturte honetan. Eskaera horiek ere internet bidez egin beharko dira. Euskal Idazleen Elkarteak Idazleak ikastetxeetan programari buruz estreinakoz ekoitzitako bideoa aurkeztu du prentsaurrekoan bertan. Laster izango da web gunean ikusgai.

Erantzun

Sartu