Teknologia albisteak

Amaitzeko ordua

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2007-09-28 : 16:09

Amaitzen ari da Zinemaldia, eta dagoeneko erakutsi dira sail ofizialean lehian dabiltzan film guztiak; bataz besteko balorazio bat egitekotan, gutxienez interesgarria eta gehienetan hortik gora egon dela esan liteke. Azken biak komentatzea falta zaigu ordea: "Padre nuestro", Christopher Zalla iparramerikarraren estreinako film sendoa, eta "Daisy Diamond", Simon Staho daniarraren lan berezia.

Bi gazte, Pedro eta Juan, Mexikotik New Yorkera, emigrazio ilegalean. Inoiz ikusi ez duen aitaren bila doa bat ("Pedro Paramo" eleberriarekiko omenaldia edo remakea ote den pentsatzen du batek, nahiz eta gero ez duen Rulforen lanarekiko zerikusirik), baina besteak lapurtuko dio nortasuna eta aita ezezagunaren aurrean aurkeztu. Hortik aurrera bi gazteen ibilera paraleloak ikusiko ditugu, halabeharrezko elkartze baten zain.

Gozotasunari ihes egiten dion filma burutu du Christopher Zalla-k: iluna eta zikina da ikusten dugun New York, irudiak ere gauez edo gaizki argitutako zuloetan hartuak, gogorra bertakoen bizimodua... Narrazioa ondo eramana dago eta burutze teknikoak ez du huts egiten; aitzakiaren bat aipatzekotan, AEBko etorkin latinoen film askotxo ikusi ditugula, horietako hainbat bikainak; honen ekarpena, aita-seme harremanen erretratu ñabarduraz beteriko bat egitea.

Sukar izoztua

Zinema eskandinaviarrak atal berezi bat izan du Zinemaldian, eta, horrez gain, sail ofizialean Simon Staho-ren film bat erakutsi zaigu, lehiaketara aurkeztu diren guztien artean arraroena, askorentzat nazkagarria baina aldi berean pertsonala, guztiz.

Stahori probokazioa gustatzen zaiola ikasia genuen "Bang Bang Orangutang" ikusi genuenean orain dela bi urte (han, aita batek bere ume txikia hiltzen du ezbehar batean, eta hortik aurrera gainbehera batean hasten da). "Daisy Diamond" honetan badira lan harekiko pararelelismoak, baina honako filma oso diferentea da, bai estetikaz bai planteamenduz.

Annak aktore izan nahi du, eta horretarako jo du Malmotik Kopenhagera. Hilabetetako haur bat du, ordea, eta horrek zaildu egiten dizkio gauzak. Negar eta negar ariko da ninia, eta ama ez ezik ikusleak ere ernegatzea lortuko du horrek.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko mugetan jolasean dabil Staho, casting-ak aktorearen bizitzatzat aurkeztuz; esperimentu gehiago ere badira, pelikula osoan: Bergman-ena dirudien film baten pasarteak erabiltzea, Von Trier gogorarazten duten eszenaratze batzuk, lehen plano finko eta luzeak etengabe erabiltzea, umeen irudietatik pornora pasatzea...

Horrek guztiak ikuslea aztoratzen du, haserrerazi ere bai, baina duda bat geratzen zaio: zer bilatzen du zuzendariak? Ikusleari zaplazteko emozional bat ematea? Aktore-lanari buruzko hausnarketa bat? Guraso izatearen inguruko hausnarketa? Nik behintzat ezin antzeman.

Erantzun

Sartu