Amaitzen ari da zinemaldia, pelikula on eta ez hain onekin. Sail ofizialean, ostegun honetan, film batek publikoaren atsegina lortu du, John Sayles amerikarraren "Honeydripper"ek, eta beste batek asperdura, Meejeung Kim korearraren "Goong nyeo" edo "Shadows in the Palace"k.
John Sayles, Hollywood-eko estudioetatik aparte ibiltzen diren zuzendari estatubatuarra dugu, zinema independientea deritzan horretan dabilena, halakoak gero eta zailago omen diren arren. Ez dakit nik produkzio honetarako zer baliabide izan duen edo ez duen, baina film gozagarria egin du, beste behin ere, bere ohiko bidetik aparte ibili arren.
Eduki sozial handiko pelikulak egin ohi ditu Sayles-ek, argiki politikoak ere bai. Halakoa zen adibidez orain dela hiru urte Zinemaldi honetara ekarri zuen "Silver City" handi eta bikain hura, sari-banaketan txakur txikirik tokatu ez zitzaion arren. Oraingoan zorte hobea izango ote du? Ezin jakin, baina poztuko nintzateke.
"Honeydripper" musikaren inguruko filma dugu. Alabaman 1950ean gaude; Koreako gerra-garaia; beltzak guztiz zapalduta, zurien kotoia biltzen edo haien etxeak garbitzen; eta larunbat gauetan musika nahi. Hori dena estereotipo bat da, neurri batean, baina egia ere izango da, aldi berean. Pelikulak musika bizia eskaintzen duen lokal bateko istorioa kontatzen du; gainbehera dator, jendeak ez ditu amamaren blues zoragarriak entzun nahi; mutiko gaxte bat iritsi da herrira, gitarra bat bere eskuz egin eta elektrizitatea erantsi diona... Horra bluesetik rockera bidea.
Horrela esanda sinpletxoa da dena, eta Sayles-ek ez du gidoi bihurririk egin nahi izan oraingo txandan. Hala ere, fintasun handiz kontatzen du istorioa, pintzelkada trebez erretratatzen ditu pertsonaiak eta giroak, eta zoragarria da musikaren hautaketa. Ez da gehiago behar zinematik irribarre gozo batekin ateratzeko.
Film historikoa da "Shadows in the Palace", orain dela zenbait mende errege-palazioan kokatua; historikoa eta thriller-a, konbinazio hori gutxitan ikusten dugun arren ("Arrosaren izena" eta Shakespeare-ren adaptazioen artean gaudela esan liteke, nolabait ere).
Jauregiko dontzeila bat urkaturik azaldu da, baina autopsia egin dion medikua, hilketa izan dela oharturik, kasua argitu nahian hasiko da, tartean mila traba jarriko dizkioten arren. Planteamendua ez dago gaizki. Eta interesgarriago bihurtzen da jakinez gero emakumezkoak direla protagonista guztiak: mediku, zerbitzari, agintari eta abar, denak ere gorteko hierarkia konplexuan bere postua finkatu nahian, erregeren semearen zaintzaren bitartez.
Interesgarria izan zitekeen, bai, eta estetikoki ederra da Meejeung Kim-en lehen film hau, baina hortik aurrera nahasmendu handi bat dator: intrigazko istorioetan gakoa argitzea ez da komeni, noski, baina nahita ere nekez deskubrituko nizueke sekretu handirik, ni neu ere galduta ibili bainaiz, ikusle gehienak bezala: ekialdeko aurpegi guztiak berdintsuak iruditzen zaizkigulako mendebaldarroi? Bada hortik pixka bat; izenak ere ez dituzu lehenbizikoan harrapatzen, eta zuzendariak ez du guztiz asmatu gauzak kontatzen. Kontuak kontu, "txino gehitxo" irudipenarekin geratzen da bat, txinatarrak ez baizik korearrak izan arren.
Erantzun
Sartu