Teknologia albisteak

Aita-alabak

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2007-09-26 : 16:09

Kalitatezko lanak itzuli dira Zinemaldiko sail ofizialera asteazken honetan, oso tankera diferenteko film birekin: "A Thousand Years of Good Prayers" Wayne Wang txinatar-iparramerikarrarena, eta "Matar a todos" Esteban Schroeder hegoamerikarrarena.

Pelikula bietan aita-alaba harremana ageri da, oso ikuspegi desberdinetik baina. Wayne Wang-ek film minimalista bat egin du, "zen" estetikaduna, nahi baduzue, eta tankera horren barruan (baten bati motelegi iruditu dakiokeena), sentiberatasun eta delikadezia lezio bat ematen digu.

Shi jauna (Henry O bikainak antzeztua) Txinatik AEBra doa, bere alaba bakar eta dibortziatu berria bisitatzera. Topaketa honek hainbat korapilo lotu edo askatuko dizkigu, bai aita-alaba harremanaz, bai zibilizazio desberdinen artekoez. Dena dela, Wang-ek ez du tesirik egin nahi, ezta draman sakondu nahi ere: begirada lasai bat pausatzen du gauzetan nahiz pertsonengan (oroitu haren "Smoke" filma ere), eta hitzen garrantziaz gainera (txinera eta ingelesa dira nahi gabeko protagonista bi), hitzik gabeko komunikazioa ere azpimarratzen digu (etorkin txinatar eta irandarra halamoduzko ingelesez ari direnean, adibidez).

Txakurraren alaba

Condor operazioa Chile, Uruguay eta Argentinako diktadurek jarri zuten martxan, bateko disidenteak beste herrialde batean ezkutatuz gero, han jo eta garbitzeko. Orain, hiru herrialdeen artean ekoitzi dute Schroeder-en film politiko hau.

Pinochetentzat gerra zikinean lan egindako kimikari bat bahitua dute lehengo nagusi ohiek, hitz egingo duen beldurrez edo; haren aztarnaren bila dabil Julia epailea, Gudari jeneral uruguaiarraren alaba (bai, bai, izen barregarri hori eman diote, kutsu euskalduneko abizen bat jarri nahirik edo); eta arrastoa etxean bertan izan dezakeela susmatuko du luze gabe.

Hego Amerikako demokrazia nola-halakoetan lehengo agintariek (militar eta epaileek, besteak beste) boterearen maratilei nola eusten dieten frogatzera dator pelikula. Ez da kontu berria (ezta hangoa soilik ere), baina baditu azpimarratzeko dohainak ere film honek; esaterako, lehenaldiko kontuetan laketu ordez, orainari eta geroari begiratzen diela (garai bateko izugarrikeriak aipatu arren, ez da orduko irudirik ematen, ez dago flash back-ik). Gudari izenaren aldrebeskeria ahaztuz gero, ikustea merezi du.

Erantzun

Sartu