Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako sariketa honek Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak gaia du oinarri. Zientziaren Astearen barruan antolatu dute ekimen hau Elhuyar Fundazioak, Innobasquek eta Zientziaren kutxaGuneak
Azaroaren 5etik 11ra, Zientziaren eta Teknologiaren Astea ospatuko da. Hori horrela, Elhuyar Fundazioak, Innobasquek eta Zientziaren Kutxaguneak Teknoskopioa ideia-lehiaketa jarri dute martxan Euskal Herriko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta, aurreko urteetan bezala, Zientziaren eta Teknologiaren Asteko gai nagusia izango du oinarri lehiaketak: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak).
Lauko taldeetan antolaturik, parte-hartzaileek blog bat sortu beharko dute, eta zientziaren eta teknologiaren inguruko gai bat landu. Horretarako, bideoak, argazkiak, testuak... erabili ahal izango dituzte. Gaiak interesa piztu beharko du blogaren irakurleen artean, eta irakurleek iritzia edo gaiarekiko jarrera blogean bertan uztea lortu beharko dute blogariek.
www.zientzia.net/teknoskopioa web gunean aurkituko dituzte oinarriak eta blogak egiteko plataformarako sarbidea eta jarraibideak. Horrekin batera, IKTei buruz lehiaketa honetarako berariaz prestatutako materiala ere izango dute eskuragarri: IKT tresnak zer eta zein diren; Internetek zer iraultza ekarri duen; blogak, wikiak eta RSS jarioak zer diren; web 2.0aren munduan zer dagoen... Antolatzaileen hitzetan, ekimen honen helburua da gazteak informazioren eta komunikazioaren teknologietan murgiltzea, erabiltzaile eta sortzaile gisa, eta, blog baten bidez, gizartearentzat interesgarria den zientzia- edo teknologia-gai baten inguruko eztabaida eta iritzi-ematea sustatzea.
Blogak urriaren 31 arte landu ahal izango dituzte. Sari-banaketa azaroaren 9an izango da, Donostiako kutxaGunean, eta han emango dira ezagutzera talde irabazleen izenak. Lehenengo postuan sailkatzen den taldeko kideek mp4 bana jasoko dute, Eroski Fundazioaren babesari esker. Bigarren eta hirugarren postua lortzen dutenek, aldiz, bisita gidatu bat izango dute Donostiako kutxaGunean. Gainera, parte-hartzaile guztien blogak ikusgai egongo dira, 2007-2008 ikasturtean, www.zientzia.net/teknoskopia web gunean.
Teknoskopioa 2007 ideia-lehiaketak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa du.
Erantzun
Sartu