Film kanadar bat ("Emotional Arithmetic", Paolo Barzman) eta beste bat argentinarra ("Encarnacion", Anahi Berneri) ikusi ditugu astelehen goiz honetan, gaiz zein giroz oso diferenteak, biak ere sail ofizialean jokatzeaz gain zuzendari berrien sarirako hautagaiak, baina aukeran eskastxoak
Zaila izan behar du, hainbeste pelikularen ondoren, juduen holokaustoaren ikuspegi original eta iradokor bat eskaintzea. Barzman-i ahalegina eskertu beharko diogu, baina hortik aurrera...
Paris inguruko igarobideko kontzentrazio-zelai txiki bat da Drancy, eta han, poeta errusiar gazte batek (Jakob Bronski) bi neska-mutil zaindu eta babestu zituen (Melanie eta Christopher). Berrogei urte baino gehiago igaro direnean berriro elkartuko dira hirurak, eta era guztietako emozioak loratuko.
Bizitzen segitzeko iraganeko minak ahaztea ala oroitzea hobe ote den azaltzen zaigu filmean, baita norbera biktima izateak gailentasunen bat ematen ote dion besteen aurrean. Gai mamitsuak, eta gure artean ere zer eztabaidatua ematen dutenak, planteatzetik harago joango ez garen arren.
Susan Sarandon-ek luzimendurako rola du filmean, aktore-talde ezagun bezain sendoaz inguraturik (Max von Sydow, Chirstopher Plummer, Gabriel Byrne); haien lanak ez du akatsik, eta errealizazio osoa profesionala da egia esan, baina ikusleari halako hutsaltasun edo aski ezaren sentipena geratzen zaiola esango nuke.
Vedettearen gainbehera
Emakume aktorearen lana eta iraganaren pisua nabarmenak dira bigarren filmean ere: Erni Levier vedette arrakastatsua izan zen, eta lehengo itxura sexyari eusten saiatzen da, nola-hala, 50ak igaro eta gero ere.
Protagonistaren karakterizazioa borobildua dago eta ñabardura ugari eskaintzen dizkio Silvia Perez aktoreak. Bere onenak emandako señoritaren gainbeheran zentratuko dela filma irudi lezake, baina ez: errazegi edo topikoa iritzita, aukera horri ihes egiten dio zuzendariak, eta Erni Buenos Airestik sorterrira eramango du, bere familiarekin elkartzera. Hamabost urteko Ana ilobarekin ispilu-joko interesgarriren bat proposatzen zaigu, baina ezerezean geratzen da dena, eta zuzendariak berak badirudi ez dakiela zer kontatu nahi duen ere. Edo guk ulertu ez?
Erantzun
Sartu