Teknologia albisteak

Literatura, telebista... eta zinema

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2007-09-23 : 17:09

Sail ofizialeko epaimahaiburu Paul Auster jaunak egindako azken filma eskaini digute igandean lehiaketa ofizialetik kanpo: "The Inner Life of Martin Frost" (Martin Frosten barne bizitza), austerzaleentzat egina dirudiena; eta horrez gain tamainaz, anbizioz eta nire ustez kalitatez benetan handia den pelikula bat: "Reclaim Your Brain" (Berreskura ezazu zeure burmuina).

Hans Weingartner-ek sinatua dator izenburu luzeko lan hau: "Free Rainer-Dein Fernseher lügt" alemanez, "Reclaim Your Brain" ingelesez, eta ez filmari ez zuzendariari buruz ezer ez banekien arren, txundituta utzi nau alderdi askotatik.

Telezaborra eginez aberastu den ekoizle erasokor kokazale putaseme bat da Rainer, bere biktima batek hilzorian utzi ostean "onbideratzea" erabakitzen duena, eta berak elikaturiko sistema bera lehertarazi nahi duena, horretarako xelebre koadrila bat lagun hartuta, gizarteko hondakinak gizartea hobetzeko eta iraultzeko tresna bihurtuz.

Hori dena oso injenuoa da berez, Gabonetan telebistan eman ohi dituzten Capra-ren film negarti horiek gogorazten ditu, baina zuzendaria ez da inozoa, bere asmo onak janzteko zinemagile trebe baten baliabide guztiei atera die zukua: kameraren erabilera egokia, planoak eta sekuentziak ondo antolatzea, musika, intriga-dosiak, umore ukituak...

Hamaika dira filmak proposatzen dizkigun hausnargaiak: gizartea oker ote dabilen ala gizakia ote den halakoa, ikus-entzunezko zaborra giza ergelkeriaren arrazoi ala ondorio ote den, iraultzek zentzurik ote duten, horren alde sakrifikatzeak merezi ote duen, elite kulturalik ala moralik ba ote den gizarte multzotik aparte...

Film honi saririk emango dioten edo ez dioten ez dago nire esku, baina ni behintzat asebete egin nau, eta berdin txaloka eta algaraka hartu duten estreinaldiko ikusleak. Apuntatu beraz, zine-areto komertzialetan inoiz estreinatzen bada.

Austerzaleentzako gutizia edo

Zertan datza Paul Auster-en liburuen arrakasta? Zerk egiten ditu hain erakargarri munduko hizkuntza ugaritako irakurle asko eta askorentzat? Batetik bere argumentu horiek daude, txiripaz eta txiribueltaz beteak, ustekabea eta halabeharra elkarren eskutik balebiltza bezala; bestetik, oharkabeago igaro ohi den arren, hitzak josteko abilezia berezi bat, esaldi dotoreak berez aterako balira bezala.

Auster-en irakurlea naiz aspaldidanik, baina gaur arte haren filmik ikusi gabea (hauxe du bigarrena). Susmo, aurreiritzi edo beldur bat bainuen, hots, eleberrietan ohi duen bezalako trama sorgingarri bat eman ahalko ziola pelikulari, baina hitzen magiaren ordez nekez lortuko zuela irudien lilura, bi talentu desberdin behar baitira baterako zein besterako, eta estatistikoki ia ezinezkoa baita dohain biak batera gertatzea.

Uste bezala suertatu dira gauzak? Ez guztiz. Usteak ustel hortaz? Ezta ere. Azal dezadan: "Martin Frost" hau film duina da, txukun egina,
gauzatze txundigarria ez baina profesionala behinik ageri duena. Beraz, Auster-ek esku ona du irudiak josteko ere, idazle ona eta guapoa eta azkarra eta interesgarria izateaz gainera (naturaren mirari bat?). Alabaina, filmaren hariari ematen dizkion jirabirek ez dute
lortzen ikuslea konbentzitzea, eta askabiderik gabeko mataza batean nahastu ote den iruditzen zaizu tarteka (miraririk ez beraz).

Filmaren gaia bera, egileak oso maite duena: idazle bat da protagonista, eleberri bat amaitu ostean atseden hartzera doana lagun batzuen etxe huts batera, eta horra non agertzen zaion goizaldean, bere ohean, neska bat, egiazki beste dimentsio batetik datorren bere musa inspiratzaile moduko bat.

Fantasiaren eta errealitatearen nahaste hau gustagarri egingo zaio betidaniko austerzaleari, baina ez dio ekarpen berezirik egiten bere unibertso literarioari, eta ezta zinematografiaren historiari ere, bistan denez.

Erantzun

Sartu