Teknologia albisteak

Mendebaldea / Ekialdea

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2007-09-22 : 15:09

Gure munduan zenbat mundu diferente kabitzen diren frogatzera datoz larunbat honetan Zinemaldiko sail ofizialean erakutsi dizkiguten film biek: Manuel Poirier frantsesaren "La maison", eta Hana Makhmalbaf irandarraren "Buda az sharm foru rikht" (Lotsaz lehertu zen Buda).

Mendebaldeko hiritar ondobizion kezkak, normalean, bi ardatz hauen jiran ibili ohi dira, aldez edo moldez: dirua eta maitasuna (dela sexu-harremanak, dela bizi-oinarri edo babesa eskainiko digun familia). Eta horiexek dira Manuel Poirier zuzendari beteranoak ondu duen "La Maison" filmeko pertsonaien eragileak (haurtzaroari loturiko amets zehazgabeekin batera).

Malo (Sergi Lopez) dibortziatzekotan da, hiru seme-alaba ditu eta nora ezean dabil bizitzan; halako batean, Paris inguruan salgai dagoen landetxe batera sartu eta Cloé izeneko neskato batek bere aitari idatzitako gutun samur bat aurkitzen du; gutuna idatzi zuena emakume gazte bat da orain (Bérénice Bejo-k gorpuztua), gogoz kontra etxea saldu beharrean dagoena; horra neska, horra mutila: hortik aurrerakoak sumatzeko modukoak dira, nik ezer esan gabe ere.

Zinema frantziarrak ohi duen txukuntasunez dago filmatua eta antzeztua; musika ere ederra du; baina hala ere, hau dena txikikeria bat ote den irudipena geratzen zaio ikusleari, burges koxkorren buruhauste kaxkarrak. Gu ere halakoak izan gaitezke, beharbada, baina zinemara joanez gero beste zer edo zer nahi genuke.

Taliban ez-jatorrak

Beste zer edo zer hori munduko arazo larriak ote dira? Hala izatera, aukera-aukeran letorke Hanna Makhmalbaf hasiberriaren filma, eskolara joan nahi lukeen neska txiki baten elorrioak erakusten dizkiguna, talibanen garaiko (edo osteko?) Afganistanen.

Afganiarra ez baizik irandarra da zuzendaria, zinemagileen saga bateko txikia, eta ezinbestean dator burura Irango zinema eskola: kaleko jendea bere egunerokotasunean erakusten duena, estilo xume baina garbi batez, zinemari inozentzia galdu antzeko bat itzuliz edo.

Hori dena badu film honek, baina Makhmalbaf ez da Kiarostami, eta dramak beharrezkoa duen erritmoaren ikasgaia falta du ikasteko; Bakhtai neska koxkorrak gorriak eta beltzak ikusiko ditu koaderno bat lortzeko, aurrena, eta bidean topatuko dituen mutil basatien jolas gaiztoetatik libratzeko, hurrena. Hain haur txikiekin lan egiteko ez du meritu makala zuzendariak, haur protagonistak duen talentuaz eta xalotasunaz gainera. Alabaina, hori guztia gutxitxo ote den susmoa dut nik. Ikusleak, ordu eta erdian aspertuko ez bada, beste zer edo zer ere behar duela. Gaur, ez film batek ez besteak eman ez diguten beste zer edo zer hori.

Erantzun

Sartu