Teknologia albisteak

Etxe barruko gerrak eta urrunekoak

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2007-09-21 : 16:09

Inaugurazio eguneko maila onari eutsi dio Zinemaldiko sail ofizialak bigarren egunean, oso izaera diferentea baina gauzatze bikaina duten pelikula bi erakutsiz: "Mataharis" Iciar Bollain-ena, eta "Battle for Haditha" Nick Broomfield-ena.

Oso hurbila egiten zaigu Iciar Bollain zinemagile espainiarra. Izenaren jatorriagatik izan daiteke, euskaldun dexentez inguratu ohi delako (Elena Irureta aktore moduan garai batean, lan-taldeko asko oraingoan ere), erabili ohi dituen gai sozialengatik...

Film honetan ere, Madrilen kokatu arren (edo Madrilen kokatu duelako?), etxeko kontuak ikusten ditugula iruditzen zaigu, nahiz eta hari narratiboa (detektibe pribatuen agentzia bat), gehienontzat kontu arrotza den, izatez.

Aitzakia bat da neurri batean ikertzaileena, hortik abiatuta hainbat gauzari buruz mintzatzeko. Ikertzaile-lanetan dabiltzan hiru emakume ditugu protagonistak (Ines, Eva eta Carmen), hiruna belaunalditakoak (30, 40 eta 50 betetzeko zorian daudenak edo), beren lanari ez ezik (edo harekin nahasturik) beren bizitza pribatuko arazoei aurre egin beharko dietenak.

Horrela esanda topiko hutsa dirudi, baina zinez sinesgarriak gertatzen dira filmeko pertsonaia nahiz trama guztiak, ez baitira gutxi, ezta haien bitartez planteatzen zaizkigun arazoak ere: enpresen trikimailuak langileen kostuak gutxitzeko, elkarrekin urteak daramatzan bikotearen inkomunikazioa, etxea eta lana bateratzeko zailtasunak, lanbideak gure printzipio etikoak bortxatzen ditueneko zalantzak, nork bere sekretuak izatearen edo dena kontatzearen ingurukoak...

Batetik bestera trebeziaz dabil Bollain, irudien zein interpretazioen aldetik normaltasun eta naturaltasun itxura gordez une oro, baina sentimendu eta gogoeten arloan ikusleari lehengai eta bazka ugari eskainiz, moralkeriarik gabe hala ere. Gomendatzeko modukoa, inondik ere.

Vietnam bis

II. Mundu Gerraren ostean Vietnam izango da gure oroimen zinematografikoan arrasto sakonena utzi duen guda. Amerikarren inbasioaren apologiekin batera ("Rambo" eta), ez dira gutxi (eta kalitatez nabarmen hobeak dira) gerra haren zorakeria erakutsi dutenak, nahiz denak iparramerikarrak erretiratu eta gero filmatu, eta yankien ikuspegitik, bestalde.

Iraken, gerra amaitu aurretik hasi dira filmak egiten, eta Bushen gobernuarekiko jarrera kritikoaz gainera, azpimarratzekoa da (film honen kasuan bederen) irakiarren beren ikuspegia eta bizikizunak eskaintzea. Bi gatazken arteko lotura mentala ezinbestekoa da ordea, eta zuzendariak ere zenbait keinu uzten ditu han-hemen (marineak rock doinu potenteekin basamortuan, "Apocalipsy Now" gogoraraziz; instrukzioan lasterka eta kantari, "Full Metal Jacket"en moduan).

Benetako gertakarietan oinarrituriko pelikula egin du Broomfield britainiarrak. 2005eko azaroaren 19an, Irakeko matxinoek amerikarren konboi bat pasatzean bonba bat lehertarazi eta marine bat hil ondoren, haren kideak inguruko etxeetan sartu ziren jo eta su, 24 pertsona akabatuz, tartean emakume eta haur franko.

Horra filmak kontatzen duena, hasieratik bertatik aipatzen zaiguna. Beraz, argumentuaren aldetik ez dago misteriorik, ez intrigarik. Hori, berez, galera da ikuslearen jakin-minarentzat, baina egileak bestelakoak ditu helburuak: hiru gizatalde erakusten dizkigu (marineak, erresistentziako kideak eta irakiar arruntak), bakoitzaren mekanismo eta funtzionamenduak agerian utziz; horrekin batera, pertsonaien psikologia biluzten digu, manikeismotik ihesi (Ramirez kaporala, mutil jator baina hiltzeko makina bihurtua; Ahmad, Al Qaida-ren kontra egon arren haiekin bat egiten duena...). Arrisku bat ere badu jokaera honek, ikusle mendebaldarra ekidistantzia sentimendu lasaigarri batekin ateratzea zinema-aretotik.

Dokumentaletako teknikak erabili ditu zuzendariak, eta egiazko marineak aktoretzat hartu, egiantzekotasun-efektua handitzeko edo. Emaitza, film gordin, agian astuntxo baina dudarik gabe gogoangarria. Gerraren amaiera azkartzen laguntzea besterik ez du falta.

Erantzun

Sartu