Kontseiluak Euskal Herriko museoetan euskararen egoera aztertu du eta horretarako, Iparraldeko 5 museo bisitatu ditu. Baionako Bonnat Museoan, Euskal Museoan, Asiatikan, Biarritzeko Itsas Museoan eta Basanafarroako Erakustegian izan dira Kontseiluko ordezkariak. Oraindik lan handia dute egiteko Iparraldeko museoak, baina badaude, euskararen aldeko ahalegina egiten dutenak ere, azaldu dute.
Oro har, Iparraldeko museoek euskararen alde lanean jarraitu beharra dutela ondorioztatu du Kontseiluaren azterketak, baina dagoeneko zenbait museok euskararen aldeko urratsak eman dituztela ere adierazi dute. Esaterako, Asiatikan idatzizko gida euskaraz eskaintzen dute eta Baionako Euskal Museoaren erakusketa euskaraz bisita dezakezu, azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Biaritzeko Itsas Museoari aipamen berezia egin nahiko genioke, webguneaz gain, bisita zure kabuz egiteko audiogidak ere euskaraz eskaintzen baititu, azpimarratu dute.
Guztira, Euskal Herriko 19 museo aztertu ditu Kontseiluak. Hegoaldeko egoerarekin alderatuta, Iparraldeko museoek lan handiagoa dute egiteke. Horrela, azterketako puntuaziorik altuenak Gipuzkoan jaso dira, Segurako Erdi Aroko museoa izan da hain zuzen ere, puntuaziorik altuena eskuratu duena, 21 puntu 30etik. Guggenheim museoa ere, Gipuzkoako Zumalakarregi museoarekin, Kutxagunearekin eta Utzi Museoarekin batera, zerrendaren goiko aldean daude: 18 puntu lortu dituzte.
Zerrendaren beste aldean, badaude puntu bakarra lortu ez dutenak: Iparraldeko Bonnat Museoa eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa hain zuzen ere.
Azterketa puntuz puntu:
o Aztertutako museoen % 63an euskaraz egiten dute harrera, baina 7 museoetan, ez dira euskaraz zerbitzua emateko gai izan.
o Eskuorrien % 22a erdara hutsean eskaintzen dute.
o Txartelen erdia baino gehiago ere erdaraz bakarrik edo erdara nabarmenduz egiten dituzte.
o Erakusketaren oinarrizko informazioari dagokionez, % 47an agertzen da euskara orekaz.
o Bisita gidatuei dagokienez, 6 museok eskaintzen dituzte horiek euskaraz.
Azterketa egiteko hainbat ezaugarri hartu dituzte kontuan: museoen giza baliabideak (txartel-saltzailea, bisiten arduraduna), espazioa (sarrera, irteera nahiz komunetan aurki daitezkeen argibideak, artelanen izena) eta museoetan banatzen diren doako materiala: erakusketaren baten informazioa biltzen duen diptikoa, etab.
Kontseilutik aldizkaria
Kontseiluak iaz Kontseilutik aldizkaria sortu zuen hizkuntza erabilerari buruzko azterketa berezituak argitaratzeko helburuarekin. Euskararen unibertsoko hainbat esparrutan euskararen normalizazioa bultzatzeko tresna da aldizkaria, argudiatu dute arduradunek.
Aldizkariaren lehen zenbakiaren bidez jogurten etiketak aztertu ziren. Neurketa horren bidez, Kontseiluak frogatu zuen euskararen presentzia eskasa dela jaki horietan. Dena dela, azterketaren jarraipenean ikusi ahal izan dutenez, zenbait jogurt-enpresak gerora euskara txertatu dute euren etiketetan. Hori da hain zuzen gure helburua, eragitea, euskararen presentzia bermatzea, azaldu dute.
Jogurten ostean, zinema aretoen txanda iritsi zen, aurtengo otsailean hain zuzen, eta hortik museoetara jauzi egin du Kontseilutik aldizkariak.
Erantzun
Sartu