Teknologia albisteak

Euskara: museorako hizkuntza?

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua - Kontseilua
2007-09-03 : 11:09

Kontseiluak Euskal Herriko museoetan euskararen egoera aztertu du. Uda parteko oporretan bete ohi dira bisitariz museoak. Aurtengo udan, Kontseilua bisitari horietako bat izan da eta Euskal Herri osoko 19 museo aztertu ditu galdera honi erantzuteko asmoz: euskara, museorako hizkuntza?

Euskal museoen azterketa honen ondorio gisa, euskal museoetan euskararen lekuak izan beharko lukeena baino txikiagoa dela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. “Euskal Herriko museoak ez dira turistentzat soilik, euskaldunontzat ere prest egon behar dute”, adierazi du Kontseiluko ildo politikoko arduradun Iñaki Lasak.

Horrela, museoetan hizkuntza-eskubideak ez direla guztiz bermatzen ondorioztatu du Kontseiluak. Araudiaren arabera, Iparraldean hau horrela izan ez arren, Nafarroan eta EAEn legez aitorturik dago euskara berezko hizkuntza dela. Hizkuntza eskubideen deklarazio unibertsalaren 45. artikuluak ere, erreferentzia zuzena egiten die museoei: “Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nola, (…) museoak (…)”. Betetzen al da hau Euskal Herrian?

Azterketa puntuz puntu:
o Aztertutako museoen % 63an euskaraz egiten dute harrera, baina 7 museoetan, ez dira euskaraz zerbitzua emateko gai izan.
o Eskuorrien % 22a erdara hutsean eskaintzen dute.
o Txartelen erdia baino gehiago ere erdaraz bakarrik edo erdara nabarmenduz egiten dituzte.
o Erakusketaren oinarrizko informazioari dagokionez, % 47an agertzen da euskara orekaz.
o Bisita gidatuei dagokienez, 6 museok eskaintzen dituzte horiek euskaraz.

Euskal Herriko 19 museoen artean, Gipuzkoa da emaitza onenak izan dituena; okerrenak, ordea, Nafarroan eta Iparraldean jaso dira. Bizkaia eta Araba zerrendaren erdian daude, baina “oraindik badute zer hobetu”, adierazi du Lasak.

Segurako Erdi Aroko museoa izan da puntuaziorik altuena eskuratu duena, 21 puntu 30etik. Guggenheim museoa ere, Gipuzkoako Zumalakarregi museoarekin, Kutxagunearekin eta Utzi Museoarekin batera, zerrendaren goiko aldean daude: 18 puntu lortu dituzte. “Goiko aldea diogun arren, zerrendaren erditik hurbilago daude, beraz, oraindik lan handia dago egiteko”, azpimarratu du Iñaki Lasak.

Zerrendaren beste aldean, badaude puntu bakarra lortu ez dutenak: Iparraldeko Bonnat Museoa eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa hain zuzen ere.

Azterketa egiteko hainbat ezaugarri hartu dituzte kontuan: museoen giza baliabideak (txartel-saltzailea, bisiten arduraduna), espazioa (sarrera, irteera nahiz komunetan aurki daitezkeen argibideak, artelanen izena) eta museoetan banatzen diren doako materiala: erakusketaren baten informazioa biltzen duen diptikoa, etab.

‘Kontseilutik’ aldizkaria

Kontseiluak iaz ‘Kontseilutik’ aldizkaria sortu zuen hizkuntza erabilerari buruzko azterketa berezituak argitaratzeko helburuarekin. “Euskararen unibertsoko hainbat esparrutan euskararen normalizazioa bultzatzeko tresna da aldizkaria”, argudiatu dute arduradunek.

Aldizkariaren lehen zenbakiaren bidez jogurten etiketak aztertu ziren. Neurketa horren bidez, Kontseiluak frogatu zuen euskararen presentzia eskasa dela jaki horietan. Dena dela, azterketaren jarraipenean ikusi ahal izan dutenez, zenbait jogurt-enpresak gerora euskara txertatu dute euren etiketetan. “Hori da hain zuzen gure helburua, eragitea, euskararen presentzia bermatzea”, azaldu dute.

Jogurten ostean, zinema aretoen txanda iritsi zen, aurtengo otsailean hain zuzen, eta hortik museoetara jauzi egin du ‘Kontseilutik’ aldizkariak.

Erantzun

Sartu