Teknologia albisteak

Praileaitz, Jaurlaritzak babestea erabaki duena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-07-19 : 10:07

Mapa, irudi eta testuekin, hona Eusko Jaurlaritzak Debako Praileaitz leizezulorako definitu dituen babes-eremuen dokumentua. Harrobi baten ondo-ondoan, honen ustiaketaren jarraipena posible egiten du dekretuak, eta horrek Aranzadi elkartearen eta beste batzuen haserrea piztu du.

Zenbait babes eremu zehazten ditu dekretuak. Baina, bateragarriak dira

Powerpoint eran jaso dugu Jaurlaritzaren dekretua, eta sarean kargatu dugu. Hango irudi bat, hementxe. Grafiko horretan ikusten dira babes-eremuak, eta baita Praileaitz barruan margoak dauden tokitik distantzia erradio batzuk, horietako bakoitzean agertzen delarik zein dinamita karga jarri daitekeen harrobiaren ustiaketarekin jarraitzeko.

Tagzanian ere marraztu ditugu gauza batzuk. Leizezuloaren sarrera, Diputazioaren katalogo espeleologikoaren kokapen zehatzean; eta dekretuko hiru babeseremu garrantzitsuenak

Tagzanian ikusten diren Googleren satelite irudiak gutxienez pare bat urte zaharkiturik daude. Jaurlaritzaren powerpointean, berriz, maiatzeko data daukan argazki bat ageri da lehen irudian.

Aranzadi elkarteak, ez inguru hori bakarrik, mendiaren beste aldea babesteko eskatzen zuen, zehazki alderdi hau babesteko. Alegia, harrobiak suntsitu ez duena bere horretan uzteko bederen.

Inguruotako zenbait toki interesgarri, mapan.

Praileaitz babesteko eskatu izan duten herri-taldeak ez daude oso pozik dekretuarekin. Blog bat dago bereziki jarraipena egiten ari dena, erdaraz bada ere: Amigos de Praileaitz.

Dekretuan agertzen diren zehaztapenak, testuz, jarraian.

Jaurlaritzak izendatutako babeseremuak

Bost babes eremu zehazten dira:

  1. eremua: Haitzulo barruko eremua (HBE). Jarduerak ikerketa zientifikoetara mugatu dira
  2. eremua: Inguruko babes eremua (IBE): 50 metroko erradioa haitzuloaren kanpotik. Edozein jarduera debekatuta.
  3. eremua: Inguru hurbileko babes eremua (IHBE). 2. eremutik hegoaldera mugatutako orube osoa hartu arte. Egun duen itxura gorde behar du eta horretarako debekatuta daude hainbat jarduera eta guztiz debekatuta industria eta harrobi jarduerak. Edozein jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare zerbitzuaren baimena beharko du.
  4. eremua: Bigarren mailako babes eremua 1. (BMBE1). 2. eta 3. eremuekin muga egiten du mendebaldetik, eta 100 metroko erradioan hartzen du margoen leizetik neurtuta. Harrobi jarduerak mugatuta daude erauzketa sistemaren aldetik
  5. eremua: Bigarren mailako babes eremua 2 (BMBE2). Mugatutako bestelako eremu osoa hartzen du Eremu honetan ez da batera ezina den jarduerik zehaztu, baina labar artea gordetzen duen leizearengan eragina izan ditzaketen jarduerak mugatu dira, kutsadura kimikoa eta erausketa jarduerekin lotutakoak

1. Eremuko erabilpen eta jarduerak (HBE).

Irizpide nagusia: ondarearen egoera alda dezaketen giza jarduerak ahalik eta gehien murriztea izango da irizpide orokorra, eta, ondorioz, ezingo da ondare sailkatua honda edo alda dezakeen erabilerarik edo jarduerarik egin.

erabilera zientifikoak baino ez dira baimenduko eremu honetan, eta zaintza-lanekin, labar-pinturen azterketarekin eta indusketa arkeologikoekin lotutako esku-hartzeak soilik egin ahal izango dira.

Eraikuntzakoak ez diren erabilera eta jarduera zientifikoak .

  • Ikerketa zientifikoei lotutako mugimendu-jarduerak soilik baimenduko dira aztarnategiaren barruan; betiere, proiektu baten baitan egiten badira eta proiektu horrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren baimena eskuratu badu.

Onartutako erabilera eta jarduera zientifikoak : indusketa arkeologikoak, labar-pinturen azterketa haitzuloaren kontserbazioa eta finkapena. Beti ere indusketa arkeologikoaren baitakoak

Administrazioak zuzendutako proiektu bat egin behar da, haitzuloko pinturen egoeraren berri izateko eta, horiek hondatze-prozesuetatik babestu eta behar bezala zaindu ahal izateko, zer baldintza izan behar dituzten jakiteko Labar-pinturak dauden guneko sarrera mugatuta egongo da, eta, beraz, horiek edo horien arkeologia-aztarnategiak aztertu behar dituzten ikertzaileak eta espezialistak soilik sartu ahal izango dira

2. eremuko erabilpen eta jarduerak (IBE)

erabilerak eta jarduerak murriztu egingo dira, eta, beraz, ezingo da haitzuloaren egoera naturala edo bertara iragaz daitezkeen lur gaineko uren egoera alda dezaketen jarduera antropikorik egin. Oro har, ahalik eta jarduera antropiko gutxien izango dira; ahalik eta baldintza natural egokienak mantendu nahi dira (ahal den heinean behintzat).

Baimendutako jarduera eta erabilerak:

Basogintzako erabilera eta jarduera baldintzatuak:

a) Mozketak sustraiak atera gabe egingo dira, eta arbola-ipurdiak beren lekuan utziko dira

b) Mozketak mehazketa-planen baitan egingo dira, eta ezingo da arraseko mozketarik egin. . Erabilerak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari jakinarazi behar zaizkio eta honek baimenduko ditu

Basogintza erabilerarako zabaldu daitezkeen bide eta pistak lehenera ekarri beharko dira

Eremu horretan egun zabaldutako bide eta pistak lehenera ekarri beharko dira eta basoa errekuperatu beharko da

Bestelako baimendutako erabilerak:

eremua bera babestea edo aztertzea xede dutenak, eta, bestetik, ikerketarako edo Santutegiaren kultura-hedapenerako beharrezko diren eraikuntzak edo instalazioak. .

Jarduera horiek baimentzeko, proiektu bat aurkeztu beharko da, aztarnategia ikertzeko eta zaintzeko nahiz hari balioa emateko premia adierazten duena, hain zuzen; proiektu hori, gainera, arkeologo eskumendun batek izenpetu beharko du. Halaber, beti beharko da Gipuzkoako Foru aldundiaren aurretiazko baimena.

Berariaz debekatuta dago eremu horretan bitarteko mekanikoen bidezko leherketak, zulaketak edo harri-erauzketak egitea

3 eremuko erabilpen eta jarduerak (IHBE)

Eremu honetako irizpide nagusia inguru egoki bat lortzea da, zona eta, oro har, inguru horretara iristeko bideak eta horien mantenua bermatuko dutenak; gainera, ondarearen jatorri eta iturriarekiko koherentziari eutsi beharko zaio.

Baimendutako jarduera eta erabilerak.

Eremu horretan baimenduta daude basogintza-jarduerak, baso-berritzeak, mozketak, ateratzeak...; hala eta guztiz ere, guztiz debekatuta dago arraseko mozketak egitea.

Lan-baldintza guztiak txosten batean jaso beharko dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari aurkeztuko zaizkio, jarduerak egiten hasi baino lehen baimena eman dezan.

Jarduera horiek egitean ireki daitezkeen bideak gerora berreskuratzeko beharko dira Orain arte eremu horretan ireki diren bide guztiak ere berreskuratu egin behar dira, eta, aldi berean, ahalegina egin behar da zona horretan zegoen inguru basotsua berriro hazteko.

Baimendutako eta debekatutako jarduerak. Debekatuta egongo da azpiegiturak ezartzea edo eraikuntza-jarduerak egitea helburua industria edo etxebizitzak badira

Beste edozein jarduera haitzuloa eta aztarnategia babestearekin eta balioztatzearekin egongo da lotuta eta, nola nahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespena izan beharko du.

Gaur egungo erauzketa-ustiapenarekin lotuta ez dauden bide-azpiegituren mantentze lanak egin ahal izango dira, baina beti ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuak onetsitako proiektuen arabera.

4. eremuko erabilpen eta jarduerak (BMBE1)

Irizpide orokorra zenbait jarduera debekatzea izango da; zehazki, haitzulotik nahiko urruti egon arren, haitzuloari berari edo bertan dauden pinturei eragin diezaioketen jarduerak: karsten aire-kutsadura edo kutsadura kimikoa, leherketek eragindako dardarak...

Mugatuta daude dardara eragin dezaketen jarduerak, erauzketak (harrobiak, meategiak...) eta, oro har, lehergaiak erabiltzera behartzen duten jarduerak (azpiegitura-obra garrantzitsuak...) edo kutsadura kimikoa eragiten duten elementuak, fumigazioak eta kutsatzaileak (sistema hidrikora iragazi daitezkeenak) erabiltzera behartzen dutenak dira; Izan ere, sistema karstikoan eta, oro har, mendigunean degradazio handia eragin dezakete.

Baimendutako erabilerak:

Eremu horretan debekatuta dago lehergaiak erabiltzea, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak baimena eman ahal izango du aurre mozketa teknikak edo antzerakoak erabiltzeko, beti ere, haitzuloko dardara 4 mm/seg baino ez bada, gehienez ere.

Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeak aurretik emandako txostena beharko da. Txostenaren helburua aurre mozketako teknikak haitzuloaren ezaugarrietara egokitzen direla ziurtatzea izango da, leherketek sortutako dardarei buruzko UNE 22-381-93 arauaren arabera, arau horretako III. egitura mota eta 4 mm/seg gehieneko abiadura aplikatuta.

Harrobia lehengoratzeko planean kontuan izan beharko da kultura-ondarea, eta, plana idazteko arduradunen artean, adituak izango dira, Santutegirako Lehengoratze Plan onuragarriena bermatuko dutenak, hain zuzen.

Inola ere ezingo da mendigunearen lur azpia ustiatu.

Industriako eta eraikuntzako gainerako jarduerak ere debekatuta daude.

5. eremua (APS2)

Mendiguneak egun duen degradazio-egoera eta bertako ustiapen-aurrerakuntza kontuan hartuta, zona horretan egiten ari diren jarduerekin jarraitzea proposatu da; baina, aldi berean, zenbait baldintza ezarri zaizkio.

Egungo erauzketa-jarduera amaitu eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ezarritako eskakizunak betetzen badira, Debako Udalak –hori bermatzen duen ikerketa teknikoa egin ondoren– zona horretarako beste Plan Berezi bat sustatu beharko du, gainerako paisaia eta ondarea bera kontuan hartuko dituena; plan horrek, hain zuzen, ezinbestean babestu beharko du ondare hori, eta hemen azaldutako babes-erregimenarekin bat etorri beharko du.

Baimendutako erabilerak

Eremu horretako erauzketa-ustiapenak baimenduta daude.

Hori lehergaien bidez egin ahal izango da; baina, egindako ikerketei jarraiki, ustiapen horiek erantsi den leherketa-taularen eta distantzien baldintzapean egongo dira. Hau da, gehienez ere 9,55 kg-ko lehergaiak erabiliko dira, eta horiek 100 metroko distantziara jarriko dira (eremu horren mugan, hain zuzen).

Zaintza Plana ezarri beharko da

Zaintza Plana gauzatzean, haitzuloaren kontserbazioari eragin diezaioketen aldaketak aurkitzen badira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak aparteko neurriak hartu ahal izango ditu, eta, horiei esker, aurrez zehaztutako kargak murriztu ahal izango dira, hemen adierazi diren baldintzak berrezarri arte.

Ustiapen horretatik eta nekazaritza eta abeltzaintzakotik aparte bestelako jarduerak debekatuta

Erantzun

Sartu