Sustatu logoa Teknologia albisteak

Agregatzaile ala batzaile?

Joxe Aranzabal - Faroa
2007-07-18 11:07
Aurreko batean argitaratu nuen glosarioan agregatzaile hitza erabili nuen, aurretik beste askok erabili duten moduan. Orduan Ibaik galdera bat egin zuen erantzunetako batean:
  • Ez al dago "agregatzailea" izendatzeko beste erarik? Erdarakada izugarria iruditzen zait... eta gainera zatarra.
Nik orduan erantzun nion ez nuela ezagutzen agregatzaileren pareko hitzik. “Nazioartekoa da, eta, besterik agertu ezean, nik hori erabiliko dut”. Izan ere hitz hori aggregator hitz ingelesetik baitator, eta ez agregador espainoletik. Baina handik gutxira Anjelek erantzun zuen, eta hona ekarri dut erantzuna, hasierako eztabaidari argia egin diezaiokeelako:
  • Hona agregatzaile batek betetzen dituen lanak: aurkitu, jaso, bildu; elkartu; sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri; erantsi… Hiztegian bada horiek guztiak biltzen dituen aditz bat: Batu: aurkitu. Batu: jaso, bildu. Batu: elkartu. Batu: sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri. Batu: erantsi "Batzaile" hitzak, esanahiari dagokionez, primeran ordezka dezake "agregatzaile". Polita den ala ez, estetika gaitzetsi gabe ere, nik uste dut halako hitzek praktikoak eta argiak izan behar dutela. (…) Hor dauzkagu boto-batzailea edo ontto-batzailea bezalako hitzak. Udalakoak astaputz-batzaileak omen dira Azkuek dionez… "Nik egunero begiratzen diot aurki batzaileari".
Egia esan, nik ez nuen berba horren berririk, baina Anjelek emandako arrazoiak pisuzkoak iruditzen zaizkit. Zuek zer diozue?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu