EAEko administrazioa euskalduntzea kolapso egoeran dago. Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorra euskalduntzeko III. plangintzaldiaren balorazioaren aurrerapena aztertu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Administrazioaren euskalduntzearekin kezkatuta agertu da Kontseilua 25 urte pasatu ostean euskalduntze sistemak huts egiten duelako 'leku guztietatik':
1. Euskara ez dakiten langileak kontratatzen jarraitzen dute. Hauek gero euskaldundu beharko dira baina salbuesteko adinera iristen badira, euskaldundu gabe geratuko dira.
2. Salbuetsitakoak langile taldearen % 80 dira (45 urtetik gorakoak salbuetsita daude).
3. Lehenengo hizkuntza eskakizuna eskuratzen dutenek ikasi dutena galdu egiten dute ez baitira euskarazko lan-zirkuituetan integratzen.
4. Euskaldundu beharreko lanatalak ez dira euskalduntzen, eta ondorioz, ezinezkoa da euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea.
5. Arduradun politikoen artean ere euskararen ezagutza ez da erdia besterik, ez dute ikasteko konpromisorik hartzen.
6. Goi karguak salbuetsita daude eta haiei dagokie prozesua lideratzea.
7. Derrigortasun data duten lanpostuak % 40 dira bakarrik, eta horien erdia soilik dago dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatu dutenen eskuetan.
8. Erabilera irizpideak, kasu gehienetan ezarri gabe daude, barrura begira, eta ezarrita daudenen kasuan ez dira ezagutzen edo erabiltzen.
Kontseiluaren aburuz, ezinbestekoa da huts hauek betetzea euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Oso garrantzitsua da administrazioaren euskalduntzea lortzea hizkuntzaren garapenerako; Administrazioa aurretik joan behar du eredua eskainiz eta herritar guztion hizkuntza-eskubideak bermatuz, azaldu du idazkari nagusia de Xabier Mendigurenek.
Administrazio guztiek izan behar dute Plana indarrean eta gainera jarraipen estua egin behar dute Kontseiluaren ustez. Normalizazio prozesuaren mende-laurdena igaro dugunean administrazioen erdiak bakarrik erabilera plana izatea onartezina da.
Era berean, arkitektura juridiko egoki eta dinamikoa behar dela azaldu dute. Gaur egun administrazioaren euskalduntzea arautzen duen corpus juridikoak hutsune nabarmenak ditu funtsezkoak diren gaietan.
Bestetik, aurreko plangintzaldiaren balorazioa egin zuenean bezala, Kontseiluak derrigortasun indizeak ez direla zuzen kalkulatu gogorarazi du. 1996ko biztanleriaren erroldak emandako emaitzen arabera finkatu ditu derrigortasun indizeak, alegia, % 40,7, eta ez 2001ekoak emandakoen arabera, % 44 behar luke, azaldu dute ordezkariek.
Halaber, salbuespenei buruz mintzatu dira Kontseiluko bozeramaileak. 45 urte baino gehiagoko langileak salbuetsita daude legez, hau da, ez dute hizkuntza eskakizuna bete behar. Izan ere, gure kalkuluen arabera jadanik langileen % 80 inguru dago salbuetsita administrazioaren euskalduntzea kolapso egoeran jarriz.
Izan ere, epe zehatzak dituen hizkuntza-politika behar dugula azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Orain arte Eusko Jaurlaritzatik aplikatu den politikaren ezaugarrietako bat epe falta da. Gauzak egin egiten dira baina, eperik ez izateak ebaluaezin bihurtzen du prozesua.
Bestalde, Osakidetzaren eta Ertzaintzaren euskalduntzea plangintza horretatik kanpo dago eta euskalduntze horren berririk ez dago. Ez jakitez, ez dakigu ezta zenbat gastatzen duten ere.
Azterketa osorik ikusgai dago Kontseiluaren webgunean:
http://www.kontseilua.org/txostenak/Txostena-%20III%20%20plangintzaldiaren%20irakurketa%20kritikoa.pdf
Erantzun
Sartu