Teknologia albisteak

Athletic: EITBren gezurrezko webgune bat zen hautagaitzarena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-06-25 : 13:06

Azken egunotako Athletic Club-eko zuzendaritzarako hautagaitza misteriotsuaren webgunea ez zen futbolarekin zerikusia zuen ezer. Gezurra zen, jendea engainatzea, Interneteko trafikoa eta zeresana lortzeko. EITBren marketin biraleko kanpaina bat omen zen, eta Athleticen protestaren aurrean, erretiratu egin behar izan dute.

EITB-ren kanpaina bat zen Tu Athletic. La Candidatura de EiTB (euskarazko bertsioan ere, halaxe gaztelaniaz). Orain EITB agertzen da, baina azken egunotan, hori barik Internet erabili behar omen zun hautagaitza berri bat izan behar zuela iragartzen zuen webguneak. Athletic Club-eko zuzendaritza hauteskunde bidez erabaki behar da laster; sozietate anonimoa ez denez, bazkideen bozek erabakitzen dute hori klub honetan.

Zer zen ikusita: Athletic-ek bere irudiarekin jolasten duen kanpaina hori kentzea eskatu dio Eitb-ri. Athletc-en webgune ofizialean argibideak eskatu zaizkiko EITBri:

Argibideak eskatu dizkio idatziz Athletic Clubek Euskal Irrati Telebistaren Zuzendaritza Orokorrari marketing biraleko kanpaina batean gure izen eta irudiaren inguruan egin duen erabilpenarengatik. Gure ustez buruarinkeriaz aritu da gure erakundearekiko. batez ere Klubarentzat bereziki delikatuak diren uneotan.

Orain barkamena eskatzen duen komunikatu bat dago web horretan

EiTBren komunikatua

  1. EiTBk marketin biraleko kanpaina bat abiatu du Interneten, umorea erabiliz.
  2. Kanpaina horrek ustekabeko eragina izan du Internetetik kanpo. Gainera, nahi ez zen oihartzuna ere izan du, Athletic Cluben ondoeza sortu baitu.
  3. Interneteko marketin birala bitarteko berria denez, EiTBk ulermena eskatzen du. Nola nahi den, EiTBk kanpaina hau erretiratu egingo du.

Baina, noski arrastoa utzi du Internet-en: Kritikak toki batzuetan

Eitb.com-en bertan ere ontzat eman zuten kandidatura hori.

Azken aldian, gezurrezko edo ezkutuko webguneak sortu eta sustatzeari esaten zaio marketin birala Euskal Herriko Interneteko esparruan. EITBren komunikatu honetan ikusten denez, barkamena barik, ulermena eskatzen da, marketin birala bitarteko berria omen delako.

Duela gutxi, EITBko langile batzuek sarean jarritako beste gezur batek, Isabel Pantojaren aldeko webgune faltsu batek, Haz Ruido izeneko saria irabazi zuen.

Sariketa hartako bigarren saria Ubuntu Tribe ekimenak eraman zuen: hori ere, film bat egitearen aldeko zerbait gisa saldu zen publikoki, azkenean lehiaketa honetarako antolaturiko zerbait zela argitaratu zen. EITBk ez bezala, aldiz, Ubuntu Tribek barkamena eskatu zion iruzur egin edo engainatu dugula uste duen edonori.

Erantzun

Sartu