Kalean dira aurtengo Kilometroetako abestia (Argi da izena du) eta bideoklipa. "Kanta alaia, dantzagarria eta lehen entzunaldian harrapatzen den horietakoa". Halakoa da aurtengo Kilometroetako abestia. Horixe dio, behintzat, musikaren egileak, Asier Elortzak, Belceblues taldeko kide eta Aranzadi Ikastolako irakasle denak.
Urriaren 7an Bergaran ospatuko den Kilometroetako abestiari eta bideoklipari ahalik eta oihartzun handiena ematea da antolatzaileen, Aranzadi Ikastolaren, asmoa. Hala, hedabide, taberna, gaztetxe, ikastola eta abarrez baliatuko dira ahalik eta toki gehienetan entzun, dantzatu eta ikus dadin.
Belceblues taldeko sier Elortza (musika) eta Jarduneko bertso eskolakoak (letra) dira kantuaren egileak. Country tankerako abesti alai eta dantzagarria da, lehen entzunaldian sartzen den horietakoa. Horixe izan da baldintzetako bat: komertziala edo erraz harrapatzekoa izatea, edozein tokitan entzuteko modukoa. Ahotsak blue-grass estiloan landu dituzte eta hamar bat musikarik hartu dute parte; umeen koru batek ere bai.
Kultura aniztasuna, elkarlana, herria, ikastola, iragana eta etorkizuna... dira letran islatzen diren kontzeptuak.
Bideoklipa ere bai
Abestiarekin batera bideoklipa ere egin da. Goiena komunikazio taldeak egin du eta, nolabait, abestiaren izpiritua islatzen du. Bideoklipean egiten zaio erreferentzia garbia Bergarako Errege Seminarioari (Aranzadi Ikastolaren egoitza) eta bertan wolframioa (lanparak, erresistentziak eta abarrak egiteko erabiltzen den metala) aurkitu zuten Elhuyar anaiei.
Uda honetan, nonahi
Kilometroetako antolatzaileon nahia da abestia uda honetan festa, taberna, txiringito, irrati eta abarretan entzutea eta disfrutatzea. Horretarako, ahalik eta zabalkunde handiena eman nahi zaio abestiari, eta bideoklipa ere lagungarri izango da. Horretarako ezinbestekoa izango da hedabideen lana. Promoziorako 500 ale argitaratu dira.
Hemen letra
Argi da
Historia hartuaz oroimenean, Elhuyarren bonbila piztu zenean, elkarlanean, Herritik ikastola modu berean.
Gurean aitzindari da Aranzadi, Herriaren gogotik indar ugari, elkarlanari, ikastola eredu eta gidari.
Argi izpiak doaz zirrikitutik, euskara ihesean ezpain artetik, elkarlanetik, etorkizuna sortuz iraganetik.
Gure esku daukagu, geroko giltza, oinetan garraioa, ahoan hitza elkarlangintza, hori da arrazoia eta baldintza.
Geroaren distira. Aurrera begira. Argi daukagu. Argi da.
Erantzun
Sartu