Teknologia albisteak

EIEren web orri berria, Literatur Agente Digitala xede

Erabiltzailearen aurpegia
Hasier Rekondo - Euskal Idazleen Elkartea
2007-06-01 : 11:06

Euskal Idazleen Elkarteak www.idazleak.org web orriaren diseinu berria aurkeztu du Bilboko Euskararen Etxean.

EIEk azken bost urteotan webgintzan metatutako esperientzia baliatu da berriki martxan jarritako web-gune berriaren egin ahal izateko. EIEren lehen web-gunea prestatu zenean beste erakunde batzuekiko bereizketa nagusi bat izan zuen, hots, erakuslehioa baino zerbait gehiago izan behar zuen. Azken urte hauetan EIEk garbi irudikatu du teknologia berriekin lortu nahi duen helburua, hauxe: Euskal Idazleen Agente Digitala izatea.

Aipatu helburua gauzatzeko ondoko hiru elementuak hornitu eta uztartu behar izan dira: idazleak, zerbitzuak, administrazioa.

Fito Rodriguezen esanetan, "web orrialdea da EIEren komunikazio tresna garrantzitsuena. Bere bitartez informazioa hedarazten die Elkarteak bere bazkideei, berarekin elkarlanean jarduten duten elkarte eta instituzioei, ikastetxeei, kultur eragileei, azken batean, gizarte osoari. Gaur egun webgunetik bertatik kudeatzen dira EIEk eskaintzen dituen zerbitzuetako batzuk: hala nola, Idazleak ikastetxeetan programa web orrialdetik gestionatzen da hein handi batean, eta helburua da etorkizunean joera hori areagotzea. Hots, EIEk eskaintzen dituen zerbitzuak bere osotasunean web orrialdetik kudeatu ahal izatea".

Joserra Aizpuruak ADUR enpresako arduradunaren berbetan, "bi faktore nagusi landu ditugu web orri berriarekin: idazlea eta zerbitzua". "EIE eta gure enpresa bazkide teknologikoak gara orain dela bost urte", gehitu zuen Aizpuruak.

Idazleen gaineko informazio eguneratua

EIEren zergatiaren arrazoi nagusia dira eta hortaz, idazleen eta bere idazlanen gizarteratze etenik gabea egin ahal izateko hainbat atal prestatu dira web-gunean. Eduki berriei dagokienez, web gunearen azalean zenbait atal berri izango dira, orain arteko diseinua zaharkituta geratu dela kontutan hartuz. Astero idazle bati eskainitako txokoa izango da berrikuntza nagusia. Honez gain, gure bazkideei eginiko elkarrizketak sartuko ditugu.

Gure bazkideekin, eta literaturarekin oro har, zerikusirik duten albisteek honituko dute gure web berriaren ataria. RSS jarioaren bitartez, beste web atari batzuetan irakurri ahal izango dira EIEk ekoiztutako informazioak. Halaber, bazkide bati egindako elkarrizketa, asteko egilea, kronika, agenda eguneratua, beste berrikuntza batzuen artean, eskainiko du.

Testu aukeratuak euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz

Egun bazkideek bidalitako 152 lagin edo testu aukeratu ditugu eskegita web orrian eta hoietatik 120 ingelesera itzuli dira dagoeneko. Beste 25 testu ari gara ingeleseratzen gaur egun. EIEk aurki sareratuko ditu, halaber, gaztelaniara itzulitako gure bazkideen testu aukeratuak.

Beste alde batetik, barneko informazioari dagokionez, besteak beste, Bazkideen Txokoko Idazleen Aurkitegiak osagai berriak izango ditu: bazkide bakoitzaren web helbidea eta balizko bloga. Honez gain, Buletina, Barnegats, orri informatiboak eta zuzenean albisteak jaso ahal izateko aukera eskainiko du, besteak beste, berrikuntza gisa, Bazkideen Txokoak.

Arestian aipatu helburua (Euskal Idazleen Agente Digitala) lortu ahal izateko gero eta zerbitzu gehiago eskaini nahi dira web bidez. Abiatzeko, Ikastetxe zein kultur etxeekin antolatzen diren ekitaldien eta hauen segimenduaren berri emango da; gerora beste zerbitzu batzuk inplementatzeko asmoa dago, hala nola egile-eskubideen kudeaketarena.

Webaren informazioa EIEren administrazioarekin lotu nahi da, zerbitzuen zikloa ahalik eta automatizatuena izateko, hau da, ekintzak aukeztu, kontratatu, baloratu eta fakturatu nahi dira webetik jasotako datuetatik abiatuta; beste hitz batzuekin esanda web-jarduera EIEren eguneko langintzan integratu nahi da eta ez da inola ere eranskin gisa tratatu gura.

Ezaugarri teknikoak

Web-gunea eraikitzeko erabili den tresneria "kode irekiko" alorrean koka dezakegu. Datu-baseak MySql sistemaren gainean osatu dira eta datu dinamikoak PhPren bidez aurkeztuko dira. Kapen sistemaren bidez (CSS) antolatu da. Horrela webean aldaketak behar izanez gero, CSSak eskaintzen dituzten bide erosoei segituz egiterik izango da. WAI Web Erabilerraztasun Jarraibideetarako arauek lehen mailan agintzen dutena betetzen du atari berriak. Azkenik aipatu EIEren esku geratzen dela webaren eguneratzea horretarako antolatu den informazioa elikatzeko sistemari esker.

Argazkian ezkerretik eskumara: Hasier Rekondo EIEren Komunikazio Arduraduna, Fito Rodriguez EIEren Lehendakaria eta Joserra Aizpurua Adur enpresako arduraduna).

Erantzun

Sartu