Teknologia albisteak

Euskalgintza: hiru galdera hautagaiei

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2007-05-17 : 16:05

Euskalgintzako hainbat ordezkarik, EAEko eta Nafarroako hauteskundeen testuinguruan, hutsune nabari dituen hizkuntza-politikan aurrera egiteko hiru galdera zehatz zuzendu dizkiete.

Euskalgintzak alderdiei zuzendu nahi dizkien galderak:

1.- Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz?

2.- Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako?

3.- Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu?

Hiriburuetako hautagaien erantzunak jasoko ditu Kontseiluak egunotan.
Bidaltzeko helbidea: komunikazioa@kontseilua.org

Agerraldian euskalgintzako hainbat elkarteren ordezkariak izan dira Kontseiluak deituta, besteak beste: Aek, Artez, Bertsozaleen Elkartea, EHE, EIRE, Elhuyar Aholkularitza, Elkar, Euskal Idazleen Elkartea, Ikastolen Konfederazioa, Ilazki, Sortzen-Ikasbatuaz, Udal Euskaltegietako Langileak.

Momentu erabakigarria

Hauteskundeetan hurrengo lau urteetan izango dugun hizkuntza-politika erabaki behar den neurrian, euskalgintzako ordezkariek momentuaren garrantzia azpimarratu dute. “Alderdiek hurrengo lau urteetan euskararen normalizaziorako jarraituko duten bidea azaldu behar digute”, adierazi dute.

Galdera hauek egiteko Kontseiluak egindako udalerrien hizkuntza-politikaren neurketaren emaitzak kontuan izan ditu. Neurketa honen bidez Kontseiluak udalerrien hizkuntza-politikan hainbat hutsune sumatu ditu, hain zuzen ere galderak egiteko gabezi nabarienak kontuan izan ditu. “Zerbitzua euskaraz ematea, euskaraz lan egitea, euskarak behar dituen baliabideak, hizkuntzaren corpus juridikoa eta euskararen ordenantzak dira beharrezkotzat jotzen ditugun esparruak”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Euskal Herriko 66 udalerriren hizkuntza-politika neurtuta, errealitatea zein den irudikatu digu Kontseiluak 0-10 tarteko puntuazioen bidez egindako rankin batean. Bertan, udalerrietan hizkuntza-politika berria behar dela islatzen da. Adibide gisa, Euskal Herriko hiriburuen puntuazioa azaldu dute ordezkariek: Donostia 4,22; Gasteiz 3,55; Bilbo 2,61; Iruñea 1,75 eta Baiona 0,002. “Puntuazio hauek hobetzeko bidea zein izango den azaltzea eskatzen diegu alderdien hautagaiei, horregatik azaldutako hiru galderak zuzendu nahi dizkiegu”.

Halaber, Kontseiluak udalerrien hizkuntza-politikaren neurketa berriro egingo duela iragarri du. “Udalak osatzean, hizkuntza-politika berria martxan jartzean, berriro neurtuko dugu udalerrien egoera. Bigarren azterketa honen bidez aurrera egin duten neurtuko dugu”, azaldu dute ordezkariek.

Bestetik, Kontseiluko ordezkariek alderdien hauteskunde-egitarauak aztertuko dituela iragarri du, hiriburuetako hautagaien egitarauak, hain zuzen. Horretarako, orain informazioa biltzen ari da. Lan honen helburua euskararen normalizazioan aurrera egiteko proposamenak aztertzea eta baloratzea da. Egitarauetan ere, alderdi politikoen hautagaiek euskalgintzak egindako galderen erantzunak bilatuko ditu Kontseiluak.

Erantzun

Sartu