Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Aztiker Ikergunearekin batera, euskara.dat jardunaldiak aurkeztu ditu. Jardunaldiak maiatzaren 10ean izango dira Zarautzen bertan eta bere helburua euskaldunon hedabideen kontsumoaren inguruan argi pixka bat ekarri eta gaiaren inguruko hausnarketa sakona eragitea da.
Euskaraz diharduten hedabideak ugaritu egin dira azken urteotan, Euskal Herrian zein Zarautzen. Gaiaren inguruan plazaratutako datuek, ordea, agerian uzten dute hedabideen euskarazko kontsumoa nahikoa apala dela. Bestela esanda, euskaldunen hedabideen kontsumoa erdaraz egiten da bere alorrik nagusienean.
Komunikazioaren aroa deitu den honetan hedabideek berebiziko garrantzia hartu dute eta sektore estrategikoa dira euskararen berreskurapenerako ahaleginean. Abiapuntua hori izanik, asmoa euskarazko hedabideen kontsumo apal horren arrazoietan sakontzea izan da: zein faktorek eragiten dute kontsumoan? Zer gertatzen da euskarazko merkatuarekin? Zer da hedabideek egin behar dutena horren aurrean? Eta administrazioek?
Helburu horrekin Aztiker Ikerguneak 1.021 zarauztarri hedabideak kontsumitzeko dituzten ohituren inguruan galdetu zien iazko udaberrian eta jasotako erantzunek eman dute euskara.dat:hedabideak antolatzeko lehengaia. Pdf-an dituzuen jardunaldien inguruko zehaztapen guztiak.
Hausnarketaren markoa eta lehengaia Zarauzko herria eta zarauztarrak izan badira ere, euskara.dat tokian tokiko mugak gainditu eta euskararen sustapen orokorrean ekarpenak egiteko asmoarekin jaio da.
Ikerketaren emaitzen txostenak , jardunaldien egitaraua , izen-emate orria eta bazkaria aurrez erreserbatzeko aukera helbide honetan dituzue.
Erantzun
Sartu