Teknologia albisteak

Kontseilua: irakastereduen erreforma

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2007-04-23 : 17:04

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko Batzar Nagusia burutu du. Ekitaldia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izan da. Bertan, 2006eko balorazioa egin dute eta 2007an garatuko diren ildoak zehaztu dituzte. Era berean, irakastereduen erreformari buruzko adierazpena onartu eta plazaratu du:

Adierazpena

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak honako hau adierazi nahi du:

1. Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik funtsezkoa da belaunaldi berriak erabat euskalduntzea. Zeregin horretan Hezkuntza Sistemak berebiziko ahalegina egin behar du euskararentzat guztiz lorgarria den B2 europar helburua ikasle guztiek berengana dezaten eta ahalegin hori, Euskal Herriko geografia zatitzen duten gune administratibo guztietan egin behar da, gainera.
2. EAEren kasuan erreforma-aukerak bertan ditugula, itxaropen eta ilusio handiarekin ari gara bizitzen gizarte eztabaida, baita arduraz ere, izan ere erreforma oinarri egokien gainean egiten ez bada, euskararen normalizazioa bera kolokan jar baitaiteke
3. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak plazaratutako proposamenak euskararen normalizazioan oinarri on bat jar lezake. Horretarako, honako zehaztapen hauek behar dituela uste dugu:
" Hezkuntza Sistemak aurrera eraman behar duen euskalduntzea gorabehera politikoetatik babesteko corpus juridiko zehatza eraiki behar da, gaur egungoa aldatuz. Corpusak epe eta helburu zehatzak eskaini behar ditu, saihestu ezinezkoak eta bete beharrekoak direnak. Era berean, erreformak beharrezko dituen mota guztietako baliabide ugariak aldez aurretik zehaztu behar dira.
" Ikastetxe guztiek batera hasi behar dute erreformarantz pausoak ematen eta 10 urteko gehienezko epean ikasle den-denek erreformaren barruan egon behar dute.
" Unibertsitatea eta Lanbide Heziketaren eskaintza osorik euskaldundu behar da epe labur eta zehatz baten barruan. Era berean, Magisterio-eskolak euskaraz lan egingo du, ez baita zentzuzkoa euskara ez dakiten langileak prestatzea, Sisteman lekurik izango ez dutenez gero.
" Euskara izango da irakas- eta administrazio-hizkuntza eta, oro har, Hezkuntza Sistemaren lan-hizkuntza. Atzerriko hizkuntzaren kasuan etorkinek berez dakarten hori kontuan hartuko da haien deserrotzea eragozteko.
" Hezkuntza Sistemak kontratatuko dituen profesional oro, irakasle izan zein ez, euskalduna izango da. Gainerakoei dagokienez, erreforma ezartzeko denbora tartean euskaldundu beharko dira eta hori bete ezean sektoreko sindikatuekin adostuko da langile horientzako irtenbidea. Hizkuntza-laguntzaileak eta hizkuntza-normalizazio teknikoak ugalduko dira eta langileen arteko behin-behinekotasun indizeak txikitu egingo dira.
" Ikastetxeek laguntza eraginkorrak jasoko dituzte erreformaren helburuak egoki lantzeko lehen momentutik. Laguntzen artean, besteak beste, irakasleen prestakuntza didaktikoa, taldearen zatiketa, ratioaren jaitsiera, irakasle laguntzaileen gehitzea etab. daude.
" Urteroko ebaluazio zorrotzen bitartez ezagutuko da erreformaren bilakaera. Ez-gainditze sistematikoak Administrazioaren esku-sartzea eskatuko du, gertuko jarraipenaren bidez ez-gainditze honen zergatien azterketa egin eta hobekuntza planen diseinua kudeatzeko. Plan honen baitan zehaztuko da beharrezko laguntza gehigarrien eskaintza.
" Hezkuntza sistemak euskaldun osoak gizarteratze aldera, hizkuntzaren irakaskuntza formalaz haratago, euskal kulturaren berezko aspektuei ere erreferentzia egin beharko zaie ikastetxeko hizkuntza-proiektua definitzeko momentuan; beraz, Euskal Herriak bere Curriculum propioa behar du.
4. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak beharrezkotzat jotzen ditu zehaztapen hauek irakastereduen erreforma eraginkorra izan dadin eta dei egiten die Instituzioei, alderdi politikoei eta gizarte-eragileei indarrak batzera eta euskararen normalizazioa ekarriko diguten neurri ausartak elkarrekin bultza ditzagun inora ez garamatzan saihesbide faltsuak ekiditera.

Azkenik, Hezkuntza Sistemaren ahalegina Hizkuntza-politika berri baten testuinguruan kokatu behar da eraginkorra izango bada eta horretarako:

a) Estatusari dagokionez, euskarari ofizialtasuna, lehentasuna, berezkotasuna eta ezagutu beharra aitortu behar zaizkio.
b) Politika horrek honako ezaugarriak behar ditu: Toki Administraziotik Administrazio Nagusirainokoa izatea, sektoreartekoa eta sailartekoa, helburu eta epe zehatzak dituena, baliabidez ongi hornitua, norbanakoak eta guneak euskalduntzeari begirakoa, hizkuntza eskubideen bermea eskainiko duena, Euskal Herri osoan aplikatzeko modukoa, ikuspegi osoa duena, instituzioekin eta gizarte eragileekin egoki koordinatua, erabilera sozial normalizatua helburu duena.


Erantzun

Sartu