Teknologia albisteak

Bi informatikari euskaldun Google Summer Of Code ekintzan

Erabiltzailearen aurpegia
Juanan Pereira - Euskal Herriko Unibertsitatea
2007-04-13 : 14:04

Orain dela 3 urte, 2005ean, Googlek Software Librearen garapena sustatzeko, ekintza iraultzaile bat abiatu zuen: Google Summer Of Code delakoa. Aurten, Donostiako Fakultateko 2 informatikari, Iñigo Martínez eta Arkaitz Garro, hautatuen artean daude.

Google Summer Of Code delako ekintza honen funtzionamendua honakoa da: urte hasieran, lehenengo lauhilekoan, nahi duen ikasleak software libreko lizentziapean dagoen edozein aplikazioa hobetzeko edo berria egiteko proposamenak egin ditzake. Proposamen horiek aukeratutako software libreko erakundeak jasoko ditu. Proposamen sendoak eta interesgarriak iruditzen bazaizkio, erakundeak, berriz, Googleri proposatuko dizkio. Horrela bigarren fase batean, Googlek, jasotako proposamen guztien iragazketa berri bat egingo du, eta hortik aterako dira ikasle hautatuak. Bakoitzak 5.000 dolar irabaziko ditu proiektua burutuz gero.

Aurten, Donostiako Fakultateko 2 informatikari hautatuen artean daude. Ikasle horiek, udan saiatuko dira beraien proposamenak programatzen, aurrera eramaten. Hortik dator ekintzaren izena: Google Summer of Code. Programatzaile jakin batek bere proposamena behar den bezela burutzen badu, Googlek 5.000 dolar emango dizkio. Hortik, 4.500 dolar zuzenan ikaslearentzat izango dira. Gainontzekoa, software libreko aplikazioaren erakunderako. Ez da sari makala , ezta?

Jar dezagun adibide bat. Demagun OpenOfficeko testu editoreak (software librean dagoen bulegotiko aplikazioko testu editoreak) ez duela testu formatu berri bat onartzen (adibidez, MS Word 2007 aplikazioak erabiltzen duen .docx formatua). Gauzak horrela, Indiako ikasle bati bururatzen zaio funtzionalitate berri hori OpenOfficerako programatzea. Bide batez, dirua eta ospea irabazi ahal izateko, Google Summer Of Code ekintzara aurkeztu nahi du bere proiektu berria. Horretarako, lehenik eta behin, bere ideia OpenOffice erakundeari bidali eta "saldu" behar dio, zergatik den proiektu ona eta nola burutuko duen azalduz.

OpenOfficek onartzen badu, "mentor" edo zuzendari bat esleituko dio proiektuari. Hortik aurrera, ikasleak bere zuzendariarekin hitz egingo du proiektuari buruz, eta berari bidaliko dizkio proiektuarekin zerikusirik duen edozein dokumentu.

Baina oraindik, Googlek ere onartu behar du proiektu hori bigarren fase batean. Iaz, adibidez, 6.000 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren, eta bigarren fasean, Googlek 600 besterik ez zituen onartu (aurten, 2007an, oraindik ez dakigu zenbat izan den aurkeztutakoen kopurua, baina iaz baino gehiago izan dela diote adituek).

Bigarren fase honen iragazketa gainditzeko, gure balizko Indiako ikasleak zergatik den bera pertsonarik onena proiektua aurrera eramateko azaldu behar du. Dokumentazio teknikoa, proiektua garatzeko xehetasun teknikoak eta bere kurrikuluma bidali behar dizkio Googleri. Orduan, hilabete bateko eztabaida jarriko da martxan. Googlek eta dagokion proiektuaren erakundeak (gure adibidean, OpenOffice.org erakundeak) hautagaien artean onenak aukeratuko dituzte (erakunde jakin batek proiektu bat baino gehiago aurkeztu baitezake)

Onartu eta gero, Googleko hurrengo webgunean argitaratzen dira proiektuen datu guztiak: http://code.google.com/soc/.

Aurten, Donostiako Informatika Fakultatetik bi ikasle aurkeztu dira, Arkaitz Garro eta Iñigo Martínez, biak Juanan Pereira irakaslearen zuzendaritzapean. Eta biek lortu dute bigarren faseko iragazketa gainditzea!

Iñigo Martínezen proiektuari buruzko informazioa.

Arkaitz Garroren proiektuari buruzko informazioa.

Ea datorren urtean, jende gehiago animatzen den. Gogoan izan, karrera bukaerarako proiektuak (KBP-ak) egin behar dituzunok: ahal baduzue, datorren urterako, software libreko aplikazio bat hobetzeko funtzionalitate bat pentsatu, Summer Of Codera aurkeztu eta horrela KBPa gainditzeaz gain, dirua eta ospea irabaziko duzue...

Erantzun

Sartu