Teknologia albisteak

300, filma eta komikia

Erabiltzailearen aurpegia
Beñat Irasuegi - e-gorblog-etik
2007-04-03 : 12:04

Karteldegian dago, 300 filma. Komiki liburu batean oinarritua egonik, espero genuen Igor Leturiaren blogean iruzkina, eta etorri da, baina berak sinatuta barik, Beñat Irasuegi kolaboratzaile berriaren izenean. Handik hona ekarri dugu, bere copyleft lizentziari esker.

Hollywood-ek izan zuen sormenerako gaitasuna erabat agortuta dagoen garai hauetan, gero eta gehiago jotzen dute hango estudio eta ekoizleek estatubatuar kulturak duen arlo emankorrenetako batera, komikira. Orain Frank Miller -en 300 komikiaren bertsioarekin datoz gure zinema pantailak inbaditzera eta beti bezala, espainiar zine distribuidoren laguntzarekin, Termopiletako batailaren istorio epiko bezala saldu digute filma, jakina baita pelikula historiko-epiko biolentoek sarrera asko saltzen dituztela. Horregatik uste dut komikia eta zinema gustuko duzuenok beste zerbait aurkituko duzuela filma ikusterakoan.

Frank Miller-ek dioenenez, 5 urte inguru zituela The 300 Spartans (Espainian El Leon de Esparta) ikusteak markatuta utzi zuen eta ahal izan zuenean 300 espartarren istorioa komikian isladatu zuen. 300 komikia nahiko berezia da, hasteko formatuak berak (30,7x24 cm) atentzioa deitzen du, eta gaia bera ere ez da oso landua izan komikigintzan. Nik horrexegatik erosi nuen komikia duela bi urte inguru, zineman peplum deituriko generoa oso gustoko dut eta ezin utzi genero horretako komiki bat irakurri gabe. Hala ere komikian ez nuen aurkitu espero nuen Termopiletako batailaren kontakizun historikoa, erabat istorio ezberdina baizik.

300-ek modu epikoan Leonidas Espartako erregeak eta beste 300 gerlarik egindakoak kontatzen ditu. Herodoto -k bere Historiak liburutzarrean ere kontatu zigun Ekialde eta Mendebalde edo barbaro eta greziarren arteko ezinikusi eta borroka etengabea da istoriaren ardatza, izan ere ka 489. urtean Pertsiar Inperioko Jerjes handiak inperioko herri guztien laguntzaz osatutako gudarostea Greziaraino eraman zuen, eta bertan Greziar polis-en ezinikusiak aprobetxatuz erraz egin zuen aurrera, Termopiletara iritsi arte. Komikiak duen alde historikoa hori da, eta beste guztia mitoa eta fikzioaren arteko nahasketa bat da, biolentziaz jositako marrazkiekin kontatua. Ez du askoz gehiago kontatzen komikiak, borroka eta hildako askoren ondoren oso ezaguna den amaierara iristen baita. Hala ere istorioa sinpleegia iruditzen bazait ere, komikiaren estetika izugarri gustatzen zait, marrazki eta koloreek berehala murgiltzen gaituzte-eta istorioak kontatzen duen gerra eta biolentzia giroan.

Pelikularekin komikiarekin gertatu zitzaidan berdin berdina gertatu zait, izan ere istorioa berdina da, eta pelikulak ez du gehiago sakontzen nahiz eta filmeko 2 ordu betetzeko agian zerbait gehiago kontatzeko aukera bazeukaten. Horren ordez guduko eszenak gehituz bete dute pelikula. Gauza bakarrean sakondu dute komikitik pelikularako bidean, pelikulan pertsiarrek (ekialdekoak, beltzaranak, moral gabeak, koldarrak, barbaroak...) askoz gaiztoagoak dirudite eta espartarrek (mendebaldekoak, txuriak, zuzenak, heroikoak, zibilizatuak...) askoz onagoak. Ez naiz harritzen iraniarrek pelikula ikusi ondoren beraien kulturarentzat iraingarria dela esatea, hala da eta, baina fikzioa denez bakoitzak nahi duena kontatzeko eskubidea dauka, beraz ez dago ezer esaterik. Hori bai, pelikulan kontatzen dena egia historiko bezala ikusiko duenik izango da, eta hortxe izanen da akatsa.

Estetikoki berriz pelikula izugarri ona iruditu zait, zineman bertan pelikula baino komikia bera ikusten ari nintzela iruditu zait, efektu digitalekin hori lortu nahi izan dute eta modu horretan eszena eta sekuentzia bikainak lortu dituzte. Hala ere teknika honek "bizitza" kentzen die pertsonaiei, eta momentu batzutan oso artifizial egiten ditu, barrea eragiteraino, ikusi bestela Jerjes eta Leonidas lehenengoz alkartzen diren eszena (kutsu erotiko nabarmena duena gainera je, je...)

Hala ere hoberena pelikula ikustea eta bakoitzak bere balorazioak egitea, ezta? Beraz, ikusi baduzue esan zer iruditu zaizuen.

Bestela komikizaleok laister izango dugu beste komiki izugarri on baten zinemarako bertsioa ikusteko aukera, Zack Snyder 300 pelikularen zuzendari berdinak egingo duena, Watchmen .

Erantzun

Sartu