Teknologia albisteak
2

Europar Batasunaren terminologia euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Bizkaiko Foru Aldundia
2007-03-27 : 17:03

Bizkaiko Foru Aldundiak Europar Batasunak darabiltzan agiri eta datu-baseak eratzeko erabiltzen den terminologia euskarara itzuli du. Itzulitakoa Eurovoc deituriko hiztegi edo katalogoa da, Europar Batasuneko datu-baseak antolatuz horien kontsulta errazten duen katalogoa, hain zuzen.

Bizkaimediako oharrak dioenez "Hainbat urtetako lan gogorra egin ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak euskarara itzuli du EBren terminologia guztia. Hala, lehenengo aldiz, gure hizkuntza jarri da Europar Batasuneko gainerako hizkuntzen maila berean. Eurovos tesaurus eleaniztunaren bitartez, euskara Europako 23 hizkuntzaren parean jarri da eta aurrea hartu die galegoari eta katalanari; izan ere, tresna hori aitzindaria da estatuan. Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko erabilgarri jarri du tresna hau sarean (www.bizkaia.net), eta orain izapideak egiten hasiko da Eurovoc-en euskarazko bertsioa EBren web orrialdean ere egon dadin.

Lan hau egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara arloko talde teknikoek hamalau urtez jardun dute lanean; hala ere, azken bi ekitaldiotan eman diote lanari bultzadarik handiena, aldi honetan lortu baita lehenengo euskarazko Eurovoc hau bertsio informatiko aurreratuenean argitaratzea.

Erabiltzaile nagusiei dagokienez, EBn nagusiki parlamentuetan erabiltzen da tresna hau, ondoren, estatuetako administrazioetan, EBko erakundeetan, aholkulari-taldeetan, unibertsitateetan, erabiltzaile pribatuen sektorean eta ikerkuntza-institutuetan.

Era paralelo batean, kazetariak (agentziak, korrespontsalak…), ikertzaileak, ikasleak, profesionalak, dokumentalistak eta bibliotekariak dira erabiltzaile ohikoenak.

Bizkaiko Foru Aldundiak Eurovoc euskarara itzulita, euskara Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen parean jarri da. Tresna honetan, 6.645 deskribatzaile (hitzak edo esapideak) eta 21 gai-eremu, hau da, Europako erakundeen jarduera guztiak aurki ditzakegu:

Politika, nazioarteko harremanak, Europako erkidegoak, zuzenbidea, ekonomia, truke ekonomikoak eta merkataritzakoak, finantza-gaiak, gizarte-gaiak, hezkuntza eta komunikazioa, zientzia, enpresa eta lehia, lana eta enplegua, garraioa, ingurumena, nekazaritza, basogintza eta arrantza, nekazaritzako elikagaien sektorea, ekoizpena, teknologia eta ikerketa, energia, industria, geografia, nazioarteko erakundeak.

Adibide batzuk, momentuz .pdf formatoetan, hemen: Industria , Geografia , Zientzia , Hezkuntza eta Komunikazioa , ...

Maiatzaren 9tik aurrera Eurovoc http://eurovoc.europa.eu helbidera aldatuko da.

Erantzunak

Sustatu
2007-03-27 : 18:47

Euskarazko testuak aurkitzeko, oraingoz PDF batzuetan daudela ematen du. Hona adibide bat:


Gainerako PDF-ak lortzeko, helbide horretan ageri den 04 zenbakia alda ezazu honako hauekin zerrenda osoa lortzeko: 08, 10, 12, 16, 20, 24, 28, 32, 36, 40, 44, 48, 52, 56, 60. 66, 68, 72, 76.


Honekin, alorrez alorreko tesauro atalak eskuratuko dituzu. Hona eskema hori bera gaztelaniaz, adibide gisa.


Mikel Belasko
2007-03-28 : 11:49

Eurovoc osoa dago eskura, ez pdfak bakarrik. Aski da hemen
sartzea eduki guztiak erabilgarri izateko. Handik aurrera nabigatu, eta Eurovoc osoa erabilgarri dago.


Erantzun

Sartu