Teknologia albisteak

Gipuzkoako toponimia publikoa liberatu egin dute

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Tagzania
2007-03-23 : 11:03

Gipuzkoako datu geografiko zehatzak, euskarazkoak eta ofizialak, Geonames datubase ireki eta librean integratu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko b5m bulego geografikoaren ekimenez. Hemen dago iragarpena, albiste positibo honena.

Geonames Wikipedia geografiko moduko bat da, toki-izenen datubase libre eta kolaboratibo. Munduko milioika izenen formak, eta kokapenak, web zerbitzuen bidez kontsultatu daitezkeenak (adibidez, Tagzaniak Geonames darabil bere bilaketetan). Orain arte, Gipuzkoako eta Euskal Herriko datuak ziren AEBetako datubase militar batzuetakoak, kokapen ez oso zehatzekin (latitude-longitude biribilduak) eta gaztelaniazko formekin. Orain, Gipuzkoan bederen, zuzendu egin dira 250 toki izen, eta beste 750 gehitu, denetan forma euskaldun zuzenak lehenetsiz eta kokapen guztiz zehatzetan: udalerrien kasuan, izenaren puntu zehatza udaletxean bertan dago kokatua.

Diferentzia nabaritzeko, adi pantaila irudi hauei:

  • Goierriko datu zenbait, lehen: forma erdaldunak nagusi (Lazcaumendi, Villafranca de Ordicia...), izen gutxitxo, eta kokapena, koadrikula batean banaketa erregular batean marraztu balituzte bezala.
  • Goierriko datu zenbait, orain: kokapenak zehatzak, askoz forma gehiago, eta euskarazko izenak nagusi.

Marc Wick suitzarrak gidatzen du Geonames Ticino aldetik. Zinez web zerbitzu ikaragarria du antolatua, lizentzia libre batekin, kontsultak egin daitezke munduko tokiak mapan jartzeko... Sareko informazio geografikoaren kudeaketan dagoen baliabide libre inportante bat da Geonames. Eta poztekoa iruditzen zait haren irekitasuna baloratzea Gipuzkoako b5m-koek. Horrela egiten dira gauzak: ondare publikoa, askatu, informazio zehatz eta fidagarriena (diru publikoz ordaintzen dena, eta instituzioek kudeatzen dutena hain zuzen) denon eskura egon dadin.

Geonames-en bertan ikusi dut adibidea duela gutxi: Alemaniako herri batean haserre, Google Earth aplikazioan beren inguruko mendi bati Hitler-Berg izena jarri diotelako. Jakina, izendegi ofizialean aspaldi kendu zioten hura, baina izendegi ofizial hori, eta beste hainbat, giltzapean dauden bitartean, nola jakin zein den informazio zehatza? Dagoenetik segitu behar, datu zaharrak eta halamodukoak.

Bidea da datuak irekitzea. Gipuzkoako Diputazioak orain egin duen bezala, edo duela ez asko, Brasilgo administrazioak egin zuena, kasu hartan hango udalerrien datuekin, orain Gipuzkoan egin duten bezalatsu.

Erantzun

Sartu