Zer dago eskolaren esku, eta zer ez?
2007-03-13 08:03
Lau lan-talde izan dira lan horren egileak: juridikoa, glotodidaktikoa, soziolinguistikoa eta operatiboa. Haien lana laburbiltzen duen Powerpoint-etik jarraian datorrena literalki atera dugu:
Bertako esperientziak dioena:
- Hizkuntzak ez dira eskolan bakarrik ikasten.
- Ukatzerik ez dago eskolaz kanpoko normalkuntza prozesua apala izan dela.
- Ereduen emaitzari dagokionez, badago batez bestean mailakatze argia: D eredukoak euskaldunago dira B eredukoak baino, eta B eredukoak euskaldunago (nahiz eta, gehien-gehienetan, erdal elebidun izan) A eredukoak baino.
- Normalean hizkuntzen belaunez belauneko transmisioa eta iraupena familia bidezko eta hurbileko gizarte-ingurumenaren baitako sozializazioak bermatu izan du. Azken hamarkadotako gizarte-berrikuntzaren eskutik, ordea, transmisio-bide horiek ahuldu dira.
Eskola esparrurako zenbait irizpide:
- Hizkuntzaren belaunez belauneko transmisio-bidearen ikuspegi globalean txertatu behar da eskolaren zeregina.
- Ereduen hobekuntza-aukera, eta horretatik espero litekeen etekina, perspektiba zabalago horretan txertatu behar da, beraz.
- Euskara eskolaren bidez bakarrik indarberritzeko ustea alde batera utzi behar da, emaitza onak lortu nahi badira, eskolaz harantzago ere joan behar da.
- Ezinbestekoa da zenbait esparrutan ekimen zehatzak garatzea: gelaz kanpoko saioen bidez erabilera-guneak indartu, Curriculumaren euskal dimentsioa landu, ikasmaterialen kalitatea bereziki zaindu...
- Gurasoek aukeratzeko eskubidea izateak euskararen irakaskuntzan izan ditzakeen alderdi onuragarriak ere hartu behar dira kontuan.
- Aldaketak era progresiboan egitea komeni da.
Eskolak zertan hobetu lezake ikasleen euskarazko gaitasun-maila?
- Irakasbideak hobetzea.
- Hizkuntza irakasteko metodologia hobetu behar da eskolan.
- Irakasleen gaitasun linguistikoa eta prestakuntza metodologikoa areagotzea.
- Prestakuntza teorikoa indartu eta praktikaren azterketari lotuta, hausnarketarako eta ikerketarako bideak areagotzea behar-beharrezkoa zaigu: ikerketa, Unibertsitatearen lankidetza, irakasleentzako ikastaroak, ebaluaziorako lerroak eraiki...
- Bigarren hizkuntza eskuratzeko bidea mailakatu.
- Eskola bakoitzak bere hizkuntza-proiektua egin behar du.
- Haur Hezkuntzan euskara luze-zabalean landu.
- Irakasteko tresna bihurtu behar da euskara.
- Gaztelania irakasgai.
- Eredu indartsuenak ere hobetu.
Eskolatik kanpora zer egin liteke?
Argi dago eskolaz kanpoko beste erabilera-esparruak ere landu behar direla:
- Euskararen erabilera areagotzeko urratsak sendotu egin behar dituzte eskolaz kanpoko erakunde publikoek eta elkarte-enpresa pribatuek: kirolean, aisialdian, ikastaroak antolatuz, txangoak eginez...
- Ekimen horiek ongi antolatuak eta zuhur kudeatuak izango dira.
- Ekimen horien eskumena publikoa denean (udalak, mankomunitateak, aldundiak, Jaurlaritzako beste zenbait sail,..) ingurumen-planak adostu behar dituzte kasuan kasuko sailak/sailek, beste herri-aginte horiek eta lekuan lekuko ikastetxeek, guraso-elkarteek eta auzo-elkarteek adostu behar lituzkete.
- Ekimen horien eskumena edo iniziatiba pribatua denean, berriz, kasuan kasuko eragileentzako asistentzia teknikoa eta laguntza-bideak eratu behar dira.
- Ekimen horien bidez, hizkuntzaren aldaera-sorta zabala lantzeko aukera izaten da: eguneroko hizkera arrunta, euskalkiak, etab.
Erantzunak kargatzen...