Behatokiak kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak aztertu ditu
2007-02-28 22:02
Txostena lau ataletan banatu du Behatokiak. Lehenik eta behin, kontzeptuak definitu ditu. Bigarrenik, egungo ordenamendu juridikoaren azterketa egin du. Hirugarrenik, Behatokiak azken urteotan eremu sozioekonomikoan jasotako kexen eta urraketen bilakaera ekarri nahi ditu. Azkenik, aurreko guztien azterketaren ondorioz Behatokiak atera dituen ondorioak aurkeztu dira.
Araudia
Europako Kontseiluko, eta Europako Batasuneko, bi Estatuetako eta autonomi erkidegoetakoetako araudia aztertu dute:
Europako Batasunak oztopoak besterik ez dizkie jartzen gure hizkuntza bezalakoei, eta horien normalizaziorako galga da, Behatokiaren arabera. Horrela ulertu behar dugu Europako Batasunak argitaratutako hainbat Artezarau. Bereziko bat aipatu du zuzendariak, 2000/13 CE Artzearaua, honetan hizkuntza ofizialen erabilera besterik ezin derrigor daitekeela ezartzen da, eta euskara Europan ez da hizkuntza ofiziala. Zuzenbide komunitarioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den honetan, Paul Bilbaok azpimarratu du ezinbestekoa dela geure hizkuntzak besteen estatus bera izatea.
Frantziako Estatuak legezko hizkuntza bakarraren derrigortasuna besterik ez du ezartzen txosten berezitu honen arabera. Horrela, Code de la consommation delakoak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak arautzen ditu, eta ohikoa den moduan frantsesa ez beste hizkuntzaren erabilerarik ez da jasotzen.
Espainiako Estatuak 1984an onartu zuen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorra, eta hizkuntza-eskubideak ez zituen jaso ere egin. Ondoren, zenbait Dekretu argitaratu ditu gaztelaniaren erabilera derrigortzeko, hain zuzen ere, etiketen inguruan.
Nafarroan iazko uztailean onartutako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen lege berriak, 7/2006 Legeak, ikusezin bihurtu zituen nafar euskaldunak eta jaso ere ez zituen egin eskubideok. Are gehiago, legearen beraren zabalpenerako liburuxkak gaztelania hutsean argitaratu zituen, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren 13.2.a artikuluaren kontra egin arren.
EAEn 2003an onartu zen egun indarrean dagoen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua. Hizkuntza-eskubideei dagokienez, 6/2003 Legeak berrikuntza garrantzitsu eta oinarrizkoa ekarri zuen, lehen aldiz, aitortu zitzaizkigulako hizkuntza-eskubideak. Halere, badira legearen galdagarritasuna baldintzatzen duten bi elementu. Batetik, progresibotasuna, hau da, legean une oro agertzen da arian-arian bermatzeko bitartekoak jarriko direla, tamalez, Legeak ez du eperik finkatzen progresibotasun-tempusaren gainean, azaldu dute. Bestetik, aitortutako eskubideen balizko eraginkortasuna, hots, Legean edukiak garatzea aurreikusten da, baina oraindik ez da hori gertatu, jakinarazi dute.
Araudiaren azterketaren laburpenarekin bukatzeko Behatokiak azpimarratu du hizkuntza-eskubideen ez dela inolako zigorrik jartzen. Beste hainbat eskubideren urraketen aurkako egintzak urrapen administratibotzat hartzen badira ere, hizkuntza-eskubideen araudia ez betetzean ez du inolako zigor edo zehapenik ezartzen, beste Legeria batzuetan ez bezala: Katalunia, Québec eta abarretakoetan.
Halaber, Behatokiko zuzendariak hizkuntza-irizpidea zehar-lerro izateak duen garrantzia azaldu du. Izan ere, ohitu beharra dugu hizkuntzari buruzko arauak hizkuntzarekin berarekin zuzenean lotuta ez dauden aginduetan ere agertzera.
Erantzunak kargatzen...