Kontseiluak zinema-aretoetako hizkuntzaren erabilerari buruzko azterketa egin du. Euskal Herri osoko 29 areto aztertu ondoren, euskararen lekua oso txikia dela ondorioztatu du. Euskaldunak ere zinemazaleak gara, eta filmak euskaraz ikusi nahi ditugu, adierazi du Kontseiluko ildo politikoko arduradunak, Iñaki Lasak.
2006 urtean zehar euskarazko zinemak aurrera egin badu ere, Kutsidazu bidea Ixabel eta Nömadak TX filmekin adibidez, Euskal Herriko zinemetan atzerrian egindako pelikulen eskaintza oso murritza da. Aztertutakoen aukera apur horretan umeentzako filmak dira nagusi, azaldu dute. Horretaz gain, 10 filma arrakastatsuenen artean, Kontseiluak ez du euskara arrastorik aurkitu.
Horren bidez, zinemetan Kontseiluak hizkuntza-eskubideak nabarmen urratzen direla ondorioztatu du. Araudiaren arabera, Iparraldean hau horrela izan ez arren, Nafarroan eta EAEn legez aitortua da euskara berezko hizkuntza dela:
Hizkuntza eskubideen deklarazioa.
12. artikulua. Gizaki orok eskubidea dauka alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioa bada.
45. artikulua. Hizkuntza komunitate oroko eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nola, liburutegiak, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak, informatika ekoizpena, folklorea, kulturaren industriak eta kultur bizitzatik eratorritako beste gertakari guztiak.
Euskal Herriko 29 zinema-aretoren artean, Gipuzkoa da emaitza onenak izan dituena; okerrenak, ordea, Iparraldeko hiru probintziak. Halaber, badira Kontseiluak bereziki zoriondu dituen aretoak, eredugarria da beren portaera, txalotu dute arduradunek. Hain zuzen ere, Mungiako Torrebilela aretoa eta Beasaingo Usurbe antzokia dira euskaldunon hizkuntza-eskubideekin begirunez jokatzen duten areto bakarrak. Era berean, Oñatiko kultura-etxeak eta Basauriko Sozial Antzokiak puntuazio ohargarria lortu dute.
Huts egiten duten artean hauek daude: Gasteizko Guridi, Usurbilgo Cineboz, Miarritzeko Le Royal, Hazparneko Haritz Barne, Baionako CGR, Angeluko Oscar, Donapaleuko Argitzen, Iruñeko Saide Carlos III, Iruñeko Golem La Morea, Tuterako Cinemax Oscar eta Vianako Las Cañas. Horiek guztiek, ez dute puntu bakar bat ere lortu da.
Azterketa egiteko, Kontseiluak hainbat ezaugarri kontuan hartu ditu: zinema-aretoen webguneak, giza baliabideak (eserlekuzaina, txartel eta litxarreria-saltzailea), espazioa (sarreran, irteeran zein komunetan ageri diren argibideak) eta zinemetan banatzen diren doako aldizkariak; webguneak, giza baliabideak, guneak eta aldizkari gehienak erdaldunak dira
Behaketarako fitxa bat prestatu genuen areto bakoitzaren inguruaren ebaluazioa egiteko, adierazi dute. Behatzaile horiei eskerrak eman dizkie Kontseiluak, borondatez egindako lanarengatik.
Kontseilutik aldizkaria
Kontseiluak iaz Kontseilutik aldizkaria sortu zuen hizkuntza erabilerari buruzko azterketa berezituak argitaratzeko helburuarekin. Euskararen unibertsoko hainbat esparrutan euskararen normalizazioa bultzatzeko tresna da aldizkaria, argudiatu dute arduradunek.
Aldizkariaren lehen zenbakiaren bidez jogurten etiketak aztertu ziren. Neurketa horren bidez, Kontseiluak frogatu zuen euskararen presentzia eskasa delajaki horietan. Oraingoan ere, ebaluazio honen jarraipena egin du Kontseiluak, jogurten etiketetara itzuli gara egoera aldatu den ikusteko, eta marka gehienek euren etiketak aldatu ez arren, badugu ere nor zoriondu, aipatu dute ordezkariek. Hain zuzen ere, Kaiku zoriondu dute euskara txertatzeagatik etiketetan; halaber, marka horren gainerako produktuetan ere euskara kontuan izan dezala eskatu diote Kontseiluko ordezkariek.
Erantzun
Sartu