Aralarrek bere jardun politikoan euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzen duen txostena aurkeztu du. Gainontzeko alderdi gehienekin alderatuta, txostenaren berrikuntza nagusienetakoa Aralarren lanerako hizkuntza euskara dela ezartzean datza. Euskararen ezagutza eta presentzia ezartzeko orduan irizpide soziolinguistikoak erabili dira.
Hedabideen aurrean joan den astean aurkeztu dokumentuak Aralarren jardunean euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzen du. Dokumentu hau Aralarren Hizkuntza Politikarako lan-taldeak garatu du eta 2007ko urtarrilaren 13an eginiko Hegoaldeko Batzarrean onartu zen.
Aralarren barne-araudian agindutakoari erantzutera dator, bestalde. Dakusagun zer dion:
11- artikulua. Hizkuntzak.
Aralarren barne- eta kanpo-funtzionamendua euskaraz izaten da neurri handi batean. Adibidez, Hegoaldeko Batzarren eta zuzendaritzaren lan-hizkuntza euskara da edo Eusko Legebiltzarreko gure ordezkariaren jarduna euskarazkoa izaten da nagusiki. Alabaina, hori arautu gabe zegoen ea egoeraren menpe egon ez zedin arautu beharra zegoen. Horixe egiten da gaur aurkezten ari garen dokumentuan.
Dokumentuan ezartzen diren neurriak hiru esparruri eragiten die:
Euskararen eskakizunaren eta erabileraren minimoak zehazte aldera bi parametro izan dira kontuan: batetik, mininoak ezarri behar diren eremu geografikoko euskaldunen indizea eta bestetik, eremu horretako aralarkideen euskaldunen indizea. Horrela, ezarri dira hautagai-zerrendetan zein izango den elebidunen kopurua, zein kargu publiko izan behar duen halabeharrez elebiduna, etab. Esan nahi baita, eskatzen den euskararen ezagutza eta presentzia ezartzeko irizpide soziolinguistikoak hartu dira kontuan eta ez zaizkio betebehar berdinak Aralar osoari ezarri. Dena dela, irizpide soziolinguistiko horiek baztertu egin dira erakundearen eta zenbait kargu betetzeko hautagaiak halabeharrez elebiduna izan behar duela ezartzen da, adibidez, hiriburuetako alkategaiak edo Koordinatzaile Nagusiak.
Beste alderdi batzuk ere ukitzen ditu arautegia, esateko Aralarren agerkarietan euskararen presentzia, soldatapeko pertsonen hizkuntza-profila eta erakundearen lan-hizkuntza. Atzen horretan egon daiteke arautegi honen ekarpenik berritzaileena beste erakunde politikoenekin konparatuta. Izan ere, arautegiak, euskara Aralarren lan-hizkuntza izendatzen du.. Honela dio 3.5 puntuan:
3.5- Lan-hizkuntza. Aralar erakunde elebiduna izanik ere, euskara izango du lan-hizkuntza bere barne-organoetan eta ganbera legegileen barne- zein kanpo-jardunean.
Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu prestatu den dokumentu honek erakutsi nahi duela Aralarrek euskararen normalizazioarekin eta herritarren hizkuntza-eskubideen errespetuaren defentsarekin dituen konpromisioak irmoak eta sendoak direla eta kanporako eskatzen duena bere etxean aplikatzen duela.
Erantzun
Sartu