Teknologia albisteak

Openaldia jardunaldiak eta 5.000 CDren banaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Openaldia.net
2007-02-27 : 10:02

Donostiako Udalaren Sustapenak antolaturiko, Openaldia jardunaldia izango da datorren ostegun eta ostiralean, martxoak 1 eta 2, software librearen aldeko dibulgazio ekimen bat. Edonostia.net Loiola Teknologia Berrien Zentroan, Loiola Kultur Etxea eraikinean. Programa interesgarri batez gain, bi cd dituen Libre Nabegatu bilduma sortaren 5000 ale banatuko dira.

Bi CDz osatzen da Libre Nabigatu. Lehenengoan Windows sisteman erabili daitezkeen software askeko programen aukeraketa biltzen da, eta bigarrenean Linux/GNU Kubuntu distribuzioa, ordenagailuetan software askeko soluzio orokorra (sistema eragilea eta aplikazioak) instalatzea ahalbidetzen duena.

Honako hau da programa

OSTEGUNA, MARTXOAK 1

11:00. Openaldia 07ren eta “Zer da software librea?” erakusketaren irekiera, erakusketa honek softwareari eta honi zuzenean lotutako gaiei (adibidez, lizentziei) buruzko informazioa eskaini nahi die software libreaz ezer gutxi dakitenei.

11:15, Jaialdiaren eta Navega Libre CDaren aurkezpena FSSren eskutik. BK Aretoa.

12:00. Software librearen aldeko apustua” izeneko mahai-ingurua, parte-hartzaileak: Donostiako Udala, Extremadurako Gobernua eta ESLEko enpresak. BK Aretoa Mahai-inguruan software librearen aldeko apustua eta instituzio, enpresa eta erabiltzaile mailan berau erabiltzeak eragiten dituen jarrerak aztertuko dira. Jarduera honetan software librearen etorkizunaz, beronen zabalpenaz eta garapenaz, eta erabiltzen denetik giza harremanetan eragin dituen aldaketez hausnartu nahi da.

16:30-18:00. “Zer da software librea?” erakusketa eta ikus-entzunezkoak.

18:00-21:00. Install party 1. zatia. Libre Nabegatu CDetik abiatuta, Linux sistema instalatzea, GISA Elkarteko kide Ales Zabalaren eskutik. Erakusketa aretoa.

19:00. “Zer da Linux? Libre eta irekia izateaz gain, Linux erabiltzeko pisuzko arrazoi batzuk” izeneko VJ hitzaldia, Martin Hardie-ren eskutik. Martin Hardiek bertaratzen direnei software librearen inguruko filosofia helaraziko die, software librearen kulturan mugarri izan diren hainbat pertsonaren bidez: Lessig, Stallman, Himanen, Fried, Ito... Sormenezko zerbitzuetan oinarritutako ekonomiaren testuinguruan, Linux erabiltzeak badauka zentzua. Britainia Handian software garapenaz eta GKEez egin berri den ikerketa batean oinarrituta, hizlari honek, askatasunari eta irekitasunari buruzko leloetatik harantzago, Linux erabiltzeko arrazoiak azalduko ditu, uste duelako arrazoi nahikoa dela ondo funtzionatzen duela eta berarekin batera banatzen den softwarea kosterik gabekoa dela.

20:00. “Enpresetan ezarritako software librearen adibide praktikoak” ESLE-ko gerente Belen Gorosarriren eta Irontec-eko zuzendari-gerente Iker Sagastiren eskutik. BK Aretoa.

OSTIRALA, MARTXOAK 2

16:00. Elephants Dream animazio filmaren emanaldia, hau da Blender software librearekin eta Creative Commons lizentziarekin osorik egindako lehen animazio filma, eta Blender Foundation-ek eta Netherlands Media Art Institute-k ekoiztu dute. Bassam Kurdali (Siria/AEB) zuzendariak zuzendu du, eta Emo eta Proog 2 pertsonaien istorioa kontatzen du, biek ikuspegi desberdinak dituzte bizi diren errealitate azpiko munduaz, metalezko txori bitxiez edota bizitza daukaten makina harrigarriez betetako mundu horretaz.

16:30-19:30. Install Party 2. zatia, Libre Nabegatu CDaren programak instalatzea eta sareko beste programa batzuk pertsonalizatzea eta eskuratzea. Erakusketa aretoa.

18:00. “Asoziazionismoa eta software librea” Gisa elkarteko Maider Likonaren eskutik. (Donostialdeko Software Libre Elkartea) BK Aretoa. Hitzaldian software librearen inguruko Euskal Herriko taldeez eta GISA elkarte berriaz gain, prestakuntzaz, instalakuntzaz, mantentzeaz eta euskaraz ere mintzatuko da.

19:00. “Hacking Project” VJ hitzaldia Xavier Barandiaranen eta Patxangasen eskutik, BK Aretoa. Xavier Barandiaranek eta Patxangasek ohikoaren inguruko politiken ahotsak (kode libreak, sare autonomoak eta kontraboterearen fluxuak) birkonbinatuko dituzte, kultura librearen, hacktibismoaren eta software librearen interfazeetan metatu duten esperientzia profesional eta hacktibistatik abiatuta.

20:00. Pintxoak, Pinguino jaia, “Nork azaltzen du hobetoen zer den software librea” lehiaketa eta sari banaketa. BK Aretoa.

21:00-00:30. Musika eta ikustekoak, Fernando Carvalho DJ-k soilik lizentzia irekiarekin argitaratutako musika pintxatuko du, eta ikustekoak pintxatzeko software aplikazioak garatzen dituzten Entter, Raul Berrueco eta Raquel Meyers VJ-ek euren ikustekoak pintxatuko dituzte. BK Aretoa.

Erantzun

Sartu