Teknologia albisteak

Gerra zibilari buruzko liburuaren aurkezpena Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia
begoña azpiri, Ego Ibarra batzordearen idazkaria - Eibarko udaletik
2007-02-22 : 10:02

La Guerra Civil en Eibar y Elgeta Jesús Gutierrezen liburua, gaur osteguna (otsailak 22) aurkeztuko da, arratsaldeko 7,30etan Eibarren, Portalean.

Datuz betetako "La guerra civil en Eibar" liburuaren zazpi kapitulu nagusi horiek honela banatzen dira:

Lehenak, Errepublika sasoian Eibarrek eta Elgetak bizi izan zuten egoera islatzen du, Eibarrek 13.541 biztanle zituen orduan, Elgetak 997.

Bigarren atala gerratearen hasierari dago eskainia: Defentsarako Juntak antolatzen dira, boluntarioak batzen, batailoiak eratzen, jangelak antolatzen...

Hirugarrenak bere aldetik azpikapitulu hauek ditu:

  • Elgetako Estatutua (Intxortako borrokarekin batera sartu zenez indarrean, hala deitu zitzaion)
  • mugimendu militarrak
  • errepresioa
  • industria: Eibarko tailerretatik errekisatu zen makinaria
  • eta azkenik, eliza.

Kapitulu mardul horrek frontea Eibarren eta Elgetan ez atzea ez aurrera egon zen sasoia islatzen du : bando bakoitzaren posizioak, Akondia, Asentzio, Intxorta, Arrate, Santa Kruz..., ebakuazioak. Hala ere, Amuategi batailoikoek, jendeari bizipoza ematearren, antzerki eta zine-emanaldiak eskaini zituzten, musika-banda atera zuten; 1937ko Aberri Eguna bera ere, Eibarren ospatu zuten abertzaleek, martxoaren 28an.

Laugarren atala azken erasoari buruzkoa da: zazpi hilabetez iraun ondoren, apirilaren 24an, nazionalak Elgetan sartu ziren; Eibarren hurrengo egunean; bonbardatuta eta erreta geratu zen.

Bosgarren atalean, Eibar erori ondoren gerraren jarraipena azaltzen da: Eibarko batailoien ibilbidea: batzuk Bilbo defenditzen, beste batzuk Alberiquera, Santanderrera, Frantziara...

Seigarrena errepresioari dagokio eta atal batzuetan dago banatuta: Elgetako errepresioa nazionalak sartu ondoren, Errusiara joan ziren Eibarko umeak, Eibarren eta Elgetan egindako txikizioei buruz Valladolideko Unibertsitateak egindako txostena -Isasiko elizak zuen Gregorio Fernández erretaulari buruzko aipamen luzea-, Erantzukizun Politikoei buruzko legea eta etxegintza, ondasunen bahiketa, epaiketak eta fusilatuak.

Liburua beste zazpi eranskinekin osatzen da:

  • Amuategi batailoiaren zerrenda dugu hurrena,
  • Euskadin hildako gudarien eta milizianoen zerrenda,
  • Bergarako epaitegiaren heriotza-aktak,
  • Deustura eramandako industrien zerrenda.
  • Seigarren eranskinak interes berezia du, izan ere, José Luis Valenciaga eibartarrak Eibar eta Elgetako frenteetan erabilitako armen xehetasun guztiak ematen baititu.

Erantzun

Sartu