Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2007 urtean Iparraldean egingo dituzten lanen plangintza aurkeztu diote jendarteari. Baionan egindako prentsaurrekoaren bidez, Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, Iparraldean lan egingo duen langile berria aurkeztu du Ione Josié. Buru-belarri lan egingo dugu Iparraldean, honetan Ioneren laguntza izango dugu, berak jadanik euskara normalizatzeko ahalegin honetan esperientzia handia dauka, azaldu du Mendigurenek.
Orain arte Kontseiluak Iparraldean ildo sozialeko gaietan lan egin du batez ere. Izan ere, Iparraldeko hiru lurraldeetan 130 Bai Euskarari Ziurtagiri banatu dira. Era berean, Behatokiak urtero Iparraldeko hizkuntza-eskubideen egoeraren diagnosia egin du, are gehiago, hainbat kasuren jarraipen zehatza egin izan du bertako euskalgintzarekin elkarlanean. Kontseilutik eta Behatokitik Euskal Herri osorako lan egiten dugu, horregatik uste dugu Iparraldean hizkuntza-politika eta hizkuntza-eskubideen inguruko alorrean sakon dezakegula , adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Azken bost urte hauetan Ione Josié Euskal Konfederazioan lanean aritu da, besteak beste, Herriko Etxeetan euskararen normalizazio Planak egin eta aurrera eramateko eginkizunetan.
Erakunde bakoitzak bere lan ildoak azaldu ditu:
Kontseilua
Kontseilua euskararen garapen osoa izatea helburu duen gizarte erakunde ugariren bilgunea da. 1997 urtearen bukaeran sortu zen euskalgintzako hainbat erakundeen ordezkari izateko. Gaur egun Euskal Herriko 46 erakundek osatzen dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa barne. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan lan egiten du euskararen normalizazioan aurrera egiteko xedearekin. Gaur egun lan ildo desberdinak bideratzen ditu, Ipar Euskal Herrian ezagunena ildo soziala delarik, hala nola, Bai Euskarari Akordioa eta Bai Euskarari ziurtagiria. Oroitarazi behar dugu, gaur egun Bai Euskarari Akordioa Herrietan Saran, Azkainen, Ezpeletan, Senperen, Ziburun eta datorren astetik goiti Uztaritzen bideratzen ari garela eta emaitzak emankorrak direla. Ildo sozialaz gainera, Kontseiluak ildo politikoa ere bideratzen du eta hauxe da gaur aurkeztu nahi dizueguna, lehen aldia izanen baita ipar Euskal Herrian ildoa aurkezten dugula.
Kontseiluko plangintzaren ideia nagusiak ildo politiko-instituzionaleko arduradunak, Iñaki Lasak, azaldu ditu:
Kontseiluak Euskal Herriko 66 udalerrietako hizkuntza-politikaren neurketa egin du. Horien artean Iparraldeko hainbat: Biarritz, Atarratze, Donibane, Angelu, Hazparne eta Baiona. Neurketaren emaitza azaltzearekin batera, udalerri bakoitzean euskararen normalizazioan aurrera egiteko bidea azalduko du Kontseiluak.
Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza-politika aztertuko du. Gainera, urtearen bukaeran, Euskal Herrian aplikatzen diren hizkuntza-politiken egokitasuna neurtzeko sistema bat plazaratuko du eta horrekin batera azterketa.
Euskara erabiltzeko norbanakoen konpromisoak hedatzeko lanean jarraituko du. Orain dela gutxi, fakturak euskaraz egitea eskatu zuen bezala, beste bi konpromiso zabalduko ditu. Fakturak euskaraz kanpainaren bidez Iparraldeko ur, gas eta elektrizitate enpresek bidaltzen dituzten fakturak euskaraz eskatzeko deia egin die herritarrei, nahiz eta enpresak hauek orain arte ez dioten tarterik eskaini euskarari.
Sektore desberdinetan euskararen presentziaren neurketak egingo dira eta Kontseilutik aldizkariaren bidez argitaratuko dira. Otsailaren bukaeran zinemen azterketa aurkeztuko du Kontseiluak, eta horretan Iparraldeko egoeraren larritasuna azpimarratu du.
Akordio Soziopolitiko baten aukerak aztertuko dira alderdi eta sindikatuekin bilduz.
Hauteskunde prozesu desberdinetan euskarak dagokion presentzia lor dezan eragiten ahaleginduko da modu askotara. Eragile lana burutuko du Kontseiluak.
Euskararen aurrekontuak ere zorrotz aztertuko ditu, orain EAEn eta Nafarroan urtero egiten duen bezala. Horren helburua euskararen beharrak zein diren garbi uztea izango da. Administrazioari eskatu nbahi diogu euskarak dituen beharrak asetzeko adina baliabideak esleitu ditzala, azpimarratu du Iñaki Lasak.
Oro har, hizkuntza-politika egokiaren aldarria, hizkuntza-eskubideen bermearena, estatus egokiaren aldarria eta, azkenik, normalizazio prozesua azken muturreraino eramango duten proposamenak egitea izango dira Kontseilua gidatuko duten bideak.
Behatokia
Behatokiko plangintzaren ideia nagusiak Paul Bilbao zuzendariak azaldu ditu. Behatokiak jauzi berri bat egin nahi du eta hurbiletik landu nahi du Iparraldea. Hori dela eta, Baionako ordezkaritza irekitzeaz gainera, Behatokiaren ildo guztiak abian jarriko ditugu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, adierazi du Paul Bilbaok.
Euskararen telefonoa zerbitzua abian da Iparraldean. www.euskararentelefonoa.com eta 0559594948 telefono zenbakian. Hizkuntza-eskubideen urraketei aurre egiteko bitartekoak eskaini nahi dizkiegu, eta hori dela-eta espero dezagun herritar askok jotzea zerbitzura.
Hizkuntza-eskubideak Iparraldean zertan diren bilduko duen txosten berezituaren prestakuntza egingo du. Horretarako, azken urteotan Behatokiak kudeatutako espedienteez gain arian-arian jasoko dituenak izango ditu oinarri.
Instituzioekiko harremanak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketa larrienak non gertatzen diren helarazteko, eta egoera hori konpontze aldera eskaera egiteko.
Era berean, euskalgintzako erakundeekin harremanak izango dira. Harreman iraunkorra izan nahi du Behatokiak Iparraldeko euskalgintzarekin, lankidetza-eremuak zehazteko asmoarekin.
Hizkuntza-eskubideak gizarteratzeko ekimenak egingo dira. Izan ere, lege bidezko gutxiagotzeak eragin zuzena du herritar euskaldunen autopertzepzioan. Horren aurrean, Behatokiak hainbat ekimen bideratuko ditu hizkuntza-eskubideak zer diren eta zer eskubide dagokigun gizarteratzeko. Halaber, ´Hizkuntza-eskubideak: Ezagutu eta eutsi´ delako unitate didaktikoa ere zabalduko du.
Nazioartearen ildoan, Frantziako Estatuak gure hizkuntza-komunitatearekiko duen jarrera eta gure hizkuntzak duen babes juridikorik eza nazioarteko erakundeetara helaraziko du Behatokiak. Ildo horri dagokionez, besteak beste, Nazio Batuen Erakundera jotzea aztertzen ari da. Horrekin batera, gurea bezalako beste hizkuntza-komunitate gutxiagotuetan eskubideen alde ari diren erakundeekin lankidetza-harremanak finkatuko ditu: okzitaniera, bretoiera, korsikera, katalana eta abarrekin.
Erantzun
Sartu