Etorkinen nazioarteko eguna den honetan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako Aniztasunean jardunaldien lehen egunean hainbat adituk aztertu dute euskara eta immigrazioa hezkuntza sisteman aztertzen duen gaia. Kontseilutik integrazio sozialaren beharra azpimarratu dute. Euskararen hizkuntza-integrazioa lortzeko abiapuntua etorkinen errealitate linguistikoen aitorpena da, aditzera eman du idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Euskarak guztion hizkuntza, elementu komun bat izan behar duela azaldu du Mendigurenek, baina aurretik immigranteen errealitate linguistikoa kontuan izan behar dugu, haien hizkuntza eta kultura aitortu eta errespetatu.
Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera AZRAF elkarteko Latif Jatabik hitz egin du. Guk ere aitortu behar dugu Euskal Herriko hizkuntza euskara dela, bertan bizi eta lan egiten dugulako, adierazi du Jatabik. Era berean, gogorarazi du elkarrekiko aitorpen horretatik abiatu behar dugula.
Gaia jorratzeko ikuspegi zabalena erabili nahi izan du Kontseiluak, hiru sektoreetan, -izenburuak adierazi bezala-, Euskal Herrian dugun aniztasunetik abiatu gara, adierazi du Xabier Mendigurenek. Hiru sektoreak hauek dira: immigrazioa, euskalgintza eta hizkuntza sistema.
Azkenik idazkari nagusiak gogorazi du arratsaldean antolatutako tailerren garrantzia. Tailerrak izango dira jardunaldi hauen alde dinamikoena, eta bi helburu beteko dituzte: batetik sektore bakoitzari elkar ezagutzeko eta elkarrekin gogoeta egiteko gune bat eskaintzea, eta bestetik, ekarpenekin batera, etorkizunerako dinamika bat sortzen saiatzea.
Oinarrizko diagnostikoa
(Hitzaldiaren laburpena)
Mario Zapata, Soziologoa
Hasierako diagnostikoa, izenak azaltzen duen moduan, abiapuntuzko azterketatzat jo izan dugu. Diagnostiko honen helburua honako hau izan nahiko luke: egoera honen inguruan egin daitekeen diagnostiko baten abiapuntua, hezkuntza, migrazio zein euskararen normalizazioaren eremuetan gabiltzanon artean hausnarketarako tresna bat.
Azterketa honek, zutabe, moduan, bi ikuspegi uztartzen ditu: euskararen normalizazio prozesua eta immigrazio prozesua. Hau da, hizkuntza-politika eta immigrazio-politika. Eta bi ikuspegi horiek oinarri, hezkuntzaren inguruko azterketa egiten da.
Hizkuntzaren normalizazioa zein migrazioaren azterketa dimentsio anitzeko fenomenoak ditugu; biak zehar-lerro moduan ulertzen eta lantzen diren gaiak ditugu. Hortaz, zehar-lerro moduan hartzen diren bi gai izanik ere, egitasmo honen helburua hau dugu, bi lan-ildo horiek modu egokian uztartzea, gure ikuspegitik ez baitute zertan kontrajarriak izan behar, osagarriak baizik.
Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik helburua argia dago: etorkinak, autoktonoak bezala, hizkuntza-normalizazio prozesura gehitzea. Hau da, Euskal Herrian bizi diren gainerako pertsonak bezala, prozesu honen subjektuak bihurtzea.
Alabaina, eta esandako bi ikuspegi horiek uztartzeko bidean, hizkuntza edo kultur integrazioaz mintzo garenean, betiere ondorengo bi elementu kontuan izan dugu. Batetik, hizkuntza-integrazioa, betiere beste integrazio prozesu orokor baten testuinguruan hartu beharra dugu, kulturaren adiera hertsietatik haratago, alde soziala, ekonomikoa eta politikoa biltzen duen integrazio prozesuaren barruan.
Bestetik, eta gure ikuspuntua integrazioan oinarriturik badago, Euskal Herrian berezkoa dugun hizkuntzarekiko errespetu eta atxikimendua eskatzen dugun moduan, argi da, beste kulturekiko errespetu eta errekonozimendua ere izan behar dugula.
Diagnostikoaren nondik norakoa:
Diagnostikoan ikuspegi metodologiko ezberdinak uztartzen dira: kuantitatiboa zein kualitatiboa. Datu estatistikoak erabili eta gai hauen inguruan argitaraturikoa aztertzeaz gainera, hainbat pertsonari elkarrizketa egin zaio, ahalik eta eragile gehienen iritzia biltzeko asmoz.
Diagnostikoaren alde kuantitatiboan, sarrera moduan, immigrazioaren inguruko datu orokorrak aztertzen dira, erreferentzia-marko gisa balioko dutenak. Ondoren irakaskuntza eremuko datuak aztertzen dira: batetik, etorkinen seme-alaben matrikulazioaren inguruan; eta bestetik Helduen Hezkuntza Iraunkorreko etorkinen matrikulazioaren inguruan.
Alde kualitatiboan, besteak beste, etorkinen seme-alaben eskolaratze prozesuaren azterketa zehatza egiten da. Eta hor aztertzen diren gaien artean, hizkuntza-ereduen hautuan eragiten duten faktoreetan bereziki sakontzen da.
Ondorio batzuk:
Hizkuntza-ereduen araberako matrikulako datuak aztertzen baditugu, halako disoziazio bat ikusten da. Joera orokorra haurrak D ereduan matrikulatzeko den bitartean, etorkinen seme-alaben kasuan, gehiengoa a ereduan matrikulatzen dituzte.
Horrek ondorio ezberdinak ditu:
Haur horiek A ereduan ez dute euskara ikasiko.
Euskara ez ikasteagatik, haur horiek etorkizunean ez dute beste ikasleek izanen dituzten aukera berdinak: lan eremuari dagokionez, zein beste eremuei dagokienez ere (kultura, harremanak
).
A ereduetako ikastetxe batzuetan getizazioa prozesuak gertatzen dira. Hori, haur horien (zein guztien) integrazio soziokulturalerako kaltegarria izateaz gain, etorkizuneko kohesio sozialerako ere kaltegarria da.
Eta hori guztia hizkuntza-ereduak kolokan jartzeko beste motibo bat dugu.
Etorkinen seme-alaba gehienak oraindik ere zergatik A ereduan matrikulatzen dira A ereduan?
Faktore asko ditugu horren atzean: hezkuntza sistemaren antolaketarekin lotutakoak, egoera soziolinguistikoarekin lotutakoak, etorkinen hasierako egoera, baina baita etorkinek jasotzen duten aholku eta informazioa ere. Eta azken horretan azpimarratu behar hasierako harrera prozesuan eragileak diren agenteak: immigrazio sare berekoak, hezkuntzako eragileak, zein asistentziazko harrerarekin lotutako beste eragileak.
Nola egin curriculuma euskaraz, euskara gutxi jakinda ere?
(Hitzaldiaren laburpena)
Matilde Sainz Osinaga eta Pilar Sagasta Errasti, HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea).
Oso hedatua da munduan zehar eskolako curriculuma ikaslearena ez den hizkuntza batean egitea. Gurean betidanik izan da praktika arrunta eta gaur egun praktika hori areagotu da haur etorkinen etorrerarekin, alegia, ikasle asko daukagu euskaraz ikasten beren lehen hizkuntza beste bat izanik (gaztelania, arabiera...). Baina nola egiten da hori? Nola lor dezakegu eskolako curriculuma ikasi bitartean hizkuntza ikastea? Ez ote da lehendabizi euskara ikasi behar curriculuma euskaraz egin ahal izateko?
Egoera hau jasaten duten zenbait herrialdetan, egoera horri aurre egiteko metodologiak garatu dira, besteak beste, Estatu Batuetan, Kanadan etab. Edukien bidezko metodologiak dira, non ikasleak hizkuntza ikasi bitartean curriculuma ikasten duen , eta, alderantziz, curriculuma ikasi bitartean hizkuntza ikasten duen. Batak besteari zentzua, esanguratasuna ematen dio. Azpimarragarria da, halere, metodologia horretan aritzeko, ez dela nahikoa curriculuma euskaraz egitea, egite soilak ez dio laguntzen behar beste euskara ikasteari, aitzitik, hainbat baldintza kontuan izan behar dira curriculuma euskaraz izateaz gainera. Hona hemen zenbait: euskararen presentziak erabatekoa izan behar du ikaslearentzat, ikasleak berak baino gehiago dakien pertsonekin egon behar du harremanetan euskaraz, harreman horiek maiztasunez gertatu behar dute, haurrekin hitz egiten denean testuingurua zaindu behar da, haurrek hizkuntza ikasten dute helburu batekin erabiltzen dutenean, helduak haurraren ekoizpenak andamiatu behar ditu (lagundu egin behar dio ekoiztu dezan), hizkuntza errazago ikasten da beste ezagutza interesgarriak ikasi bitartean, hizkuntza erabili egin behar da eta erabileraz hausnartu egin behar da, etab. Ikuspegi metodologiko honek ikaslearengan jartzen du arreta, ikasten duen subjektua den heinean. Baldintza horiek guztiak bete ahal izateko asko zaindu behar dira hainbat alderdi: curriculumaren antolaketa, jardueren egituraketa eta haien sekuentziazioa, irakaslearen jarduera, ikasleari eskaintzen dizkion laguntzak, hautatzen dituen egoerak
Erantzun
Sartu