Behatokiaren 5. urteurrena
2006-12-13 12:12
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bost urte bete ditu eta urteurren hau ospatzeko Iruñean bildu dira euskalgintzako, instituzioetako zein gizarte eragileetako ordezkariak. 2001eko ekainaren 26an Kontseiluak Behatokia aurkeztu zuenetik, 4100 espediente baino gehiago bideratu ditu erakunde honek. Eskerrik asko Behatokia erreferentetzat hartu duzuen guztioi, norbanako zein gizarte eragileei; hori baita guretzat lana balioesteko dugun termometrorik hoberena, adierazi du Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak .
Honengatik guztiagatik, hizkuntza-eskubideak bermatzen diren arte, ahalik eta proiektu eraginkorrena eskaintzea izango da Behatokiaren xedea. Ildo honetatik, Behatokiak zerbitzua abian jarri zuenetik, hizkuntza-eskubideen egoerari buruzko txostenak argitaratu ditu, salaketak nahiz txalotzeak jasotzeko euskararen telefonoa sortu du, azterketa berezituak kaleratu ditu eta nazioartean hizkuntza-eskubideen berri eman du, besteak beste.
Jakin badakigu Behatokiak ezin dituela eskubideak bermatu, eta ez da inoiz ere bere bokazioa hori izan, aipatu du Paul Bilbaok . Zuzendariaren arabera zeinek bere betebeharrak zein diren jakin behar du, eta Behatokiak badaki zein diren bereak. Hizkuntza- eskubideen bermerako lanean diharduten beste behatoki batzuekin egindako elkarlanak ere, Observatori de la Llengua Catalana zein Galiziako Observatorio de Dereitos Linguisticosekin kasu, jarraitu beharreko norabidea zehazten lagundu diote Behatokiari, kontuan harturik hiru Behatokiak gizarte-eragileek sortuak izan direla. Erakunde hauekin lankidetzarako esparru komunak finkatu dituzten arren, bakoitzak bere errealitateari eutsi behar dio, azaldu du Bilbaok. Izan ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokia da administrazio autonomikoetatik laguntza jasotzen ez duen bakarra. Erabat ulertezina; ulergaitza behinik behin, salatu du Behatokiko zuzendariak.
Baina gaurko eguna ez da atzera begiratzekoa bakarrik, gogorarazi du Bilbaok. Izan ere, azken urteotako lanak erakutsi die aurrera nola egin. Erronka berrien artean iparraldean lan berezitua egitea dugu hurbilen, aurreratu du Behatokiko zuzendariak. Izan ere, hurrengo urtean Behatokiak Baionan irekiko du ordezkaritza.
Azkenik eskerrak emateko aukera baliatu du Bilbaok: eskerrik asko eskubideen urraketen aurrean gurera jotzeko konpromisoa hartzen duzuen herritarroi.
www.euskararentelefonoa.com
Erantzunak kargatzen...