Teknologia albisteak

“Eskolak ikasle eleanitzak hezi behar ditu”

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2006-11-30 : 14:11

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Ikasle guztiak euskaldundu: nola? jardunaldietan hezkuntzako hainbat adituekin egindako hausnarketaren ondorioak plazaratu ditu. “Eskolak euskaldun eleanitzak hezi behar ditu”, ondorioztatu du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Kontseiluak hausnarketa hau abian jarri du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin elkarlanean sinatutako hitzarmen baten bidez. Aurretik, gizarteak behin baino gehiagotan eskatu du irakaskuntza ereduen erreforma, “azterketek berek, adierazi dute gaur egungo sistemak ez dituela ikasle guztiak euskalduntzen”, gogorarazi du Mendigurenek.

Jardunaldiaren harrera oso ona izan dela azpimarratu du. “Hezkuntza eta euskalgintza sektoreak arduratuta daude ikasle guztien euskalduntze egokiarekin”, azaldu du idazkari nagusiak.

Ondorio nagusi gisa, Kontseiluak eskolak ikasle eleanitzak hezi behar direla azpimarratu du. Era berean, euskararen normalizazioak legearen babesa izan behar du. Bestetik, Euskararen egoera diglosikoaren eraginez “lehentasunezko estatusa behar duenez euskarak izan behar du irakas-hizkuntza”.

Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-normalizazio plana garatu behar duela ondorioztatu dute ere bai. Izan ere, ikasle guztiak euskalduntzearen helburua lortzeko haur hezkuntzatik hasi, eta urtez urte, modu planifikatuan, euskara ongi ezagutzen duten hezitzaileak ziurtatzen joan behar da. “Hezitzaileen prestakuntzan hizkuntzak eta kulturak batera joan behar dute, hizkuntza ez baita hitz hutsen transmisioa”.

Bestetik, Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan eskaintza osorik euskaldundu behar da. Halaber, materialgintza euskal curriculumaren normalizaziora egokituz joan beharra dago.

“Eskolaren ahaleginak fruitua eman dezan hizkuntza-politika eraginkorra behar da”, gaineratu dute Kontseiluko ordezkariek. Hain zuzen, erreformak behar duen inbertsioa aldez aurretik zehaztu behar dela aipatu dute.

Proposamena

Horren guztiaren alde egitea proposatu du Kontseiluak. “Beldurrik gabe jokatu behar da”, esan dute. Era berean, hizkuntza sistemaren erreforma Euskal Herri osoan beharrezkoa dela gogorarazi dute Kontseiluko ordezkariek.

EAEren kasuan momentu berezia da, otsailean Lege Biltzarrean irakasterduei buruzko proposamena aurkeztu behar baitu Eusko Jaurlaritzak. Kontseiluak batetik Hezkuntza sailari eskerrak eman dizkio sektorearen ahotsa bideratu izanagatik, eta bestetik, proposamen honen alde egiteko deia egin dio. “Jardunaldi hauen ondorioen ildotik aukera paregabea izan dezake euskalgintza eta irakaskuntzako sektore zabalaren babesa izango duen proposamena aurkezteko”.

Bukatzeko, Kontseiluak euskararen normalizazioan aurrera egiteko elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu du eta ordezkariek berriro ere elkarrekin lan egiteko prestutasun osoa azaldu dute.

Erantzun

Sartu