Teknologia albisteak

Beste AA txinatar bat: Z.ai

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:58

Abuztuan albiste izan zen adimen artifizial (AA) txinatar batek, Z.ai delakoak, "agente adimentsua" sortu duela mugikorretan instalatzeko (iOS eta Android) eta baita web bidez ere. Egia esanda, ez dugu aurkitu ez app dendetan ez webgunean, baina kontu interesgarria da ze "adimen artifizialeko agenteen" (AAA esan beharko dugu euskaraz?) aroa laster da hemen: hau da, ez bakarrik galderak erantzuten dituen AA txat bat, baizik eta zure izenean Interneten egitekoak beteko dituen AA bat, hala nola, adibidez, bidaia baterako hotel bat erreserbatu, edo agindu N dokumentu prozesatzeko eta sare sozialetan laburpenekin post bat argitaratzeko... Bueno, ba ez dugu probatu oraindik Z.ai nola dabilen horretan, baina txatean euskaraz badabilela ikusi dugu, eta "arrazoitze! funtzioak dituela.

Probatu dugu beraz Z.ai txata. Beste kasu batzuetan bezala, arrazonamendua erakusteko gaitasuna du sistemak, baina honek defektuz erakusten dizu erantzun bitartean, eta gero ere bertan uzten du, zuk konprobatu dezazun.

Galdetu diogu beraz, "Kaixo, euskaraz erantzuteko gauza zara?" Eta erantzun bitartean... honakoa arrazoitu omen du:

Hmm, erabiltzaileak euskaraz galdetu dio ea euskaraz erantzun dezakeen. "Kaixo" esaten hasi da, horrek erakusten du euskaraz hitz egiteko gogoa duela.
Nire lehen pausoa da erabiltzaileari onespen positiboa ematea: bai, euskaraz erantzun dezaket. Hori argi eta garbi esatea garrantzitsua da, berak zalantzarik izan ez dezan.
 
Gero, nire gaitasunen muga ere aipatu behar dut. Ez naiz euskal hiztun natiboa, baina ahal dut euskaraz komunikatzen. Horrela, erabiltzaileak ez du espero izango nik jatorrizko euskal hiztun baten mailako erantzunik emango.
 
Azkenik, laguntza eskaintzea da logikoa. "Zer nahi duzu?" galdetzen diot, elkarrizketa hasteko eta bere beharrak ezagutzeko.
 
Erantzuna laburra eta adeitsua izan behar da, baina informazio guztia eman behar du. Ez dut gehiegi luzatu nahi, erabiltzaileak galdera zehatz bat egin dezakeen lehen une honetan.

 

Eta horren ondoren etorri da erantzuna:

Bai, noski! Euskaraz erantzuteko gai naiz. Kaixo!
 
Nire izena GLM naiz, eta Zhipu AI-ren hizkuntza modelizatzaile bat naiz. Euskaraz ulertu eta erantzun dezaket, nahiz eta nire ezagutza ez den euskal hiztun natibo baten bezain sakona.
 
Zer laguntza eman diezaiekezu? Galdetu euskaraz, eta guk ahaleginduko gara zure galderari erantzun onena ematen!
 

Bitxia bada ere, arrazoitze partean txukun ageri da euskara, baina erantzunean oker batzuk daude... "guk ahaleginduko gara". Horretan Deepseek bezain ona (hau ere txinatarra) ez dela iruditzen zaigu.

Baina tira, arrazoitzeko bazka gehiago ere eman diogu, kalkulu matematiko bat, eta ondo egin du (galdera izan da: "Azalera jakin batean, 100 kilometroko erradioa marrazten bada, zenbat kilometro karratu daude area horretan?"). Hona erantzuna (arrazoibidea aurreztuko dizuegu):

Zirkulu baten azalera kalkulatzeko, πr² formula erabiltzen da, non r erradioa den. Zure kasuan, erradioa 100 km-koa da, beraz:
  1. Erradioa karratuan (r²):
    1002=10.000 km².

  2. π bider r²:
    π3.1415926535, beraz:
    3.1415926535×10.000=31.415.926535 km².

Emaitza:

Zirkulu horren azalera 31.415.93 km² ingurukoa da (bi dezimalekin biribilduta: 31.415,93 km²).

 

Zuzena da, zalantzarik baduzue... Tira, Z.ai lehen Zhipu deitzen zen, eta berriki aliatu handi bat lortu du: Alibaba, Aliexpress sortu zuen erraldoi teknologiko txinatarra. GLM izeneko zenbait hizkuntza eredu handi atera ditu, hala-nolako aukera libreekin, hemen azaldu dutenez. Adimen artifizialeko agenteak martxan jartzen dituztenean probatuko dugu berriro, iristen bada hori.

Inportantea, ez nahastu z.ai eta x.ai (azken hau Elon Musk-en marka da, Grok AA-ri lotua).

Zuek probatzeko, hemen: https://chat.z.ai 

Erantzun

Sartu