Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal Y-aren alde eta kontrako webguneak

Sustatu
2006-11-28 10:11

Euskalduna jauregian inbertsio handiarekin aurkeztu zen Euskal Y-aren komunikazio kanala. Webgune bat da, alegia, Abiadura Handiko Trenaren aldekoa. Proiektu horren kontrakoek ere badituzte webguneak, baliabide ekonomiko gutxiagorekin eginak, baina Interneteko garaietara akaso egokituagoak.

Euskal Y-aren aldeko webgune instituzionalak Eusko Jaurlaritza eta ADIF enpresa publiko espainiarra ditu atzean.

Bi domeinu aurkeztu dira, Euskaly.com euskaraz eta Yvasca.com gaztelaniaz izango zirela pentsa zitekeen, baina batean zein bestean, lehen hitza gaztelaniaz aurkituko duzu, zure hizkuntza hobespena zein dela ere. Azken batean, Euskalyvasca.com domeinua da webgunearen benetako helbidea, eta bi hizkuntza horiez gain, gaztelaniaz ere badago informazioa. Pop-up lehiatilez osatua dago webgunea gehienbat.

Informazio instituzionala da webgunean aurki daitekeena. Herriz herriko ibilbideak ez daude oso zehatz, bereizmen gutxiko PDF sorta batean, marra bat nondik doan ibilbidea, hori da dena.

Horrez gain, bideo mordoxka bat dago, streaming eran ematen direnak. Internet Explorerren bidez ikusi ahal izan ditugu, ez ordea Firefox erabiliz.

Kontrako webguneak

Abiadura Handiko Trena gelditzearen aldeko taldeak ere ari dira bere mezua Internetetik zabaltzen. Ekonomikoki, baliabide gutxiagorekin, baina efektu komunikatibora begira, blogak, Youtube eta 2.0 izendatu daitezkeen beste erraminta batzuekin dabiltza.

AHT Ez Guneak eta Goierriko AHT gelditu! elkarlanak Blogak.com plataforman dituzte blogak. Hauek bezala, Sindominio-n Drupal plataforma batekin gunea duen AHT-ren aurkako asanbladak euskarazko webgunea dute. Sindominio-n dago halaber Txikizioa gelditu bloga, gehienbat gaztelaniaz. Beste blog bat, Mila Arrazoi ez dirudi eguneratzen dutenik.

Interneteko baliabideetara atento dauden webguneak dira hauek. Streaming garesti eta zailak antolatu beharrean, bideoak Youtuben kargatu, eta blogetan eman. Irudiei zabalpena emateko, Flickr. Eta, baten bat, beste tresna batzuekin ere probak egiten ari dira. AHT Ez Gunekoek, Urbina aldeko lanen mapa bat sortu dute Tagzanian, eta lan horien irudi handi bat ere modu mugikorrean jarri dute Maplib aplikazioari esker (hala ere, spam pixka bat jasan dute irudi horretan, etiketa faltsuko puntuak gehitu baititu baten batek).

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu