Teknologia albisteak
8

Bernardo Atxagaren ‘Euskal Hiria’ Arizmendiarrietaren heriotzaren 30. urtemugan

Erabiltzailearen aurpegia
AZK Komunikazioa - Gizabidea Fundazioa
2006-11-28 : 12:11

On Jose Maria Arizmendiarrietaren gogoa Bernardo Atxagaren ‘Euskal Hiria’ lurralde sinbolikoan barrena ibiliko da bere heriotzaren 30. urtemugan. Asteasuko idazleak ‘Euskal Hiria’ teoriaren nondik norakoak azalduko ditu azaroaren 30ean, Gizabidea Fundazioak Arrasateko esperientzia kooperatiboaren sortzailea gogoratzeko urtero antolatzen duen ‘Arizmendi Topaketak’ ekitaldian. Aurten, gainera, 30 urte betetzen dira Arizmendiarrieta (Markina, 1915 – Arrasate, 1976) hil zela.

‘Arizmendi Topaketak’ ekitaldia, esan bezala, azaroaren 30ean izango da Arrasateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoko aretoan, 18:30etan hasita. Javier Gantxegik, Gizabidea Fundazioaren lehendakariak, agurra eta aurkezpena egingo ditu eta, ondoren, Bernardo Atxaga ‘Euskal Hiriaz’ mintzatuko da. Hitzaldia euskaraz izango da, aldibereko itzulpen zerbitzuarekin.

Gizabide Fundazioa Arrasateko Kooperatibismoaren sortzailea izan zenaren On Jose Maria Arizmendiarrietaren azken ekimena izan zen. Bere eginkizuna hezkuntza sustatzea da, eraldaketa sozioekonomikoa lortzeko asmoarekin, betiere komunitatearen premien eta ahalbideen bilakaerarekin bat etorriz.

‘Arizmendi Topaketak’ ekitaldira ospe handiko hizlariak etorri ohi dira; azken urteotan, Jose Antonio Marina filosofoak, Felix Marti Kataluniako UNESCO Zentroaren ohorezko lehendakariak, Ignacio Ramonet kazetariak eta Jose Antonio Pagola, Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusiak, parte hartu dute ekitaldi honetan. Zerrenda horri aurten Bernardo Atxagaren izena gehituko zaio. Bernardo Atxaga, benetako izenez Jose Irazu Garmendia (Asteasu, 1951ko uztailaren 27a), idazlerik ezagunena dugu gaur egungo euskal literaturan.

Hainbat hizkuntzatara itzuli dira idazle gipuzkoar honen lanak. 1989an Espainiako Sari Nazionala erdietsi zuen, hori lortu zuen lehen euskal idazle bihurtuz.

Bestalde, azaroaren 29an, Arizmendiarrieta hil zela 30 urte betetzen diren egunean, Lea-Artibaiko Kooperatiben ekimenez, meza berezia izango da Arrasateko San Joan Bataiatzailearen Parrokian, 19:00etan. Elizkizun honetan Lekeitioko parrokiako abesbatzak Jose Ramon Barbarias kooperatibistak egindako “Kresala” meza eta On Jose Maria gogorarazteko abestia kantatuko ditu.


Erantzunak

Sustatu
2006-11-28 : 13:10

Eskerrik asko ekitaldiaren berri Sustatun emateagatik. Horren harira,
iradokizun txiki bat: ekitaldiak nola joan diren ere gustatzen zaie
jakitea Sustatuko irakurleei.


Ez bakarrik iragarpenen berri jakitea gure albistegian, baizik eta
ondoren, zer esan den, nor egon den, ze galdera geratu diren airean
eta zein erantzun diren datu jakingarriekin...


Ez beharbada mezaren kronika (garai batean Espainiako ABC egunkariak halakoak argitaratzen zituen, jatetxeen edo liburuen kritikak ateratzen diren bezalatsu), baina Atxagak esandakoaren nondik norakoa ondo legoke hemen ere jasotzea.


Antolatzaileok animatzen bazarete, bidali kronika hori ere.


Eskerrik asko aldez aurretik


Arkaitz
2006-11-28 : 15:13

Kaixo, galdera bat, ea mezua eskegi duzuenok erantzun ahal didazuen:

edonor joan daiteke hitzaldi honetara, edo gonbidapen bitartez izango da asuntua?





Juan Luis -AZK–
2006-11-28 : 16:22

niri dagokienez, eta nere alaba txikiak eta bere amak ixten badidate, saiatuko naiz agindutakoa betetzen. kasu horretan, gainera, plazerra izango zen.

Juan Luis -AZK–
2006-11-28 : 16:23

sarrera librea da, ez da gonbidapenarik behar.

Juan Luis -AZK–
2006-11-28 : 16:32

Beste gauzatxo bat: eguenean bertan, goizez (11:15-12:00) Atxagak hitzalditxo bat emango die Arizmendi Ikastolako Batxilergoko 200-250 ikasleei, Almen gunean, Eskoriatzan. Gaia: sormen prozesua literaturan.

ibai
2006-11-28 : 22:02

> Beste gauzatxo bat: eguenean bertan, goizez (11:15-12:00) Atxagak hitzalditxo bat emango die Arizmendi Ikastolako Batxilergoko 200-250 ikasleei, Almen gunean, Eskoriatzan. Gaia: sormen prozesua literaturan.



Jode, ni Almenen nengoenean ez zen Atxaga bezalako inor etortzen hitzaldiak ematera! Aprobetxa dezatela ondo!

Arkaitz
2006-11-29 : 17:28

Eskerrikasko Juan Luis...

beste zalantza bat, hala ere. Mondragon Unibertsitatean ibilinintzen duela urte batzuk, eta zalantza daukat "Areto NAgusi" horren inguruan. Lehengo "Aula Magna" al da, Biteri egoitzaren azpiko solairuan dagoena?



JLA
2006-11-30 : 10:48

eta zalantza daukat "Areto NAgusi" horren inguruan. Lehengo "Aula Magna" al da, Biteri egoitzaren azpiko solairuan dagoena?

>

> >>>> bai, hori da.

Erantzun

Sartu