Teknologia albisteak

Bai esan euskara taldea jaio da Santurtzin

Erabiltzailearen aurpegia
Bai esan
2006-11-24 : 12:11

Iragarri genuen bezala, asteazkenean jaio zen Santurtzin "Bai Esan" euskara-taldea, euskaltzale askoren arrimuan eta Andoni Egaña eta Unai Iturriagaren babes ezin hobean. Ekitaldia xumea bezain polita suertatu zen, baina orain geratzen zaie lanik zailena "Bai Esanekoei": lanean hasi eta irautea. Adierazi zutenez, ilusioa ez zaie falta. Baina Santurtziko euskaltzaleen laguntza mesedegarria bezain beharrezkoa izango zaie. Denak daude gonbidatuta taldearen hurrengo bilerara: azaroaren 30ean AEkren lokaletan. Jarraian duzue ekitaldian irakurri zen aurkezpen-testuko pasarte batzuk.

Gaur egiten dugu gure lehen agerpen ofiziala Santurtzin. Eta ea zein den gure asmoa, helburua galdetuko duzue. Ba xumea bezain ausarta: Santurtzin euskararen presentzia eta, bereziki, erabilera areagotzea. Erraza da esatea, badakigu; eta, gainera, jakitun gara ez dugula ezer berririk esaten. Eta badakigu geure bizkar gainean hartu dugun lana ez dela makala. Izan ere, izan dira gure aurretik antzeko asmoarekin abiatutako ekimenak. Alde batetik, berauei esker, neurri batean gaude gu hemen (euskaltzaletasunaren lekukoa guregana heldu baita); baina bestetik, erronkaren tamainak eta bidean aurkitutako zailtasunek etsitzera eraman zituzten.

Baina xehetu dezagun pizka bat gehiago gure asmoa. Zeintzuk bitarteko ditugun gure artean galdetuko duzue. Batez ere, ilusioa eta elkarlana. Ilusioa, sinistu egiten dugulako gure proiektuan. Badakigu zaila dela, baina uste dugu gauzak ondo eginez gauza politak egin ditzakegula. Eta gauzak ondo egiteko, elkarlana ezinbestekoa dela uste dugu. Elkarlan horren lehen fruituak hementxe ditugu. Oraindik txikia den gure taldean sektore ezberdinetako jendea batu gara: herriko eskoletakoak, AEK, Udal Euskaltegia eta EHEkoak, besteak beste. Eta elkarlan honek fruituak ematen jarrai dezan da gure desiorik handiena. Adin eta pentsaera ezberdineko jendearengana heldu nahi dugu; euskara guztion ondarea senti dezagula nahi dugu; eta, bereziki, euskaraz gozatu, dsifrutatu, ondo pasa eta harreman jatorrak egin daitezkeela pentsatu eta esperimentatzea nahi dugu. Euskara, azken batean, oraindik gure herrian bizi duen geto guztietatik atera nahi dugu. Eta elkarlan honen barruan, herriko administrazioa ere gogoan dugu, gure herriko udala. Guztion arteko lankidetza oso onuragarriak izango litzateke, zinez.

Hasteko, baditugu hainbat proiektu gogoan. Lehenago aipatutako ekimen baten ildotik, Santurtziko euskarazko Gida Komertziala osatu nahi dugu. (...)

Bestetik, maiztasun jakin batekin mota guztieta eta adin guztietako santurtziarrei zuzendutako ikuskizunak antolatuko ditugu. Baina, batez ere, euskaraz aritzeko esparru berriak ireki nahi ditugu. Horretarako, baditugu eredugarri beste herri batzuetan martxan diren hanbat proiektu: mintzalaguna, koadrillategi, hainbat gai eta trebezia lantzeko tailerrak (argazki, dantza, kantu... tailerrak)

Jakina, zenbat eta gehiago izan, zenbat eta antolatuago izan orduan eta proiektu eta ekimen gehiago eraman ahal izango baitugu aurrera. Horretarako hor duzue aulkietan gurekin harremanetan jartzeko telefonoa eta bilerak non eta noiz egiten ditugun.

Elkarlanean sinisten dugu, esan bezala. Horregatik, hartu dugun lehenengo erabakia “Topagune”n federatzea izan da, Euskal Herriko Euskara Elkarteen Konfederazioa. Eta elkarnean sinisten dugunez, Ezkerraldeko beste euskara taldeekin ere koordinatuta jokatu nahi dugu.

Erantzun

Sartu