Teknologia albisteak
1

Edinburgheko Dukearen eskutik jaso dute “President’s Award 2006” saria ikastolek

Erabiltzailearen aurpegia
Oihan Odriozola - Gipuzkoako Ikastolen Elkartea
2006-11-15 : 19:11

Edinburgeko Dukearen eskutik jaso du Londresen Ikastolen Elkarteko ordezkaritzak ESU PRESIDENT’S AWARD 2006 saria.

Ekitaldia arratsaldeko hiruak puntuan hasi da eta English-Speaking Union fundazioaren egoitzan, Buckinghamgo jauregian, Londresko 37 Charles Street-en. eta 50 minutu iraun du. Joxerra Zubizarretak, GIEko lehendakariak, telefonoz adierazi digunez, ekitaldiak bi zati izan ditu: lehen zatian sariak banatu dira eta ondoren saridunekin mintzatu da Edinburgeko dukea. “Saria jaso ondoren Euskal Herriaz eta ikastolez hitz egiteko aukera izan dugu eta ondoren dukearekin berarekin luze egon gara. Epaimahaiko burua ere etorri zaigu eta CD-ROMa bere bilobekin frogatzeko aukera izan duela esan digu eta ez duela atzerriko hizkuntza bat ikasteko bakarrik balio, bere bilobak jatorriz ingelesak izanik ere oso ondo pasatu baitute», kontatu digu GIEko lehendakariak.

Ekitaldian Joserra Zubizarretarekin batera Eleanitz-English-en arduradunak egon dira, Itziar Elortza zuzendaria eta Diana Lindsay koordinatzaile pedagogikoa. Saria proiektu horren barruan, material osagarri gisa, Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen IKT taldeak egindako “Space Search” CD-ROMari eman diote. Saria ingelesa erakusteko material didaktikoei ematen zaien ospetsuenetakoa da.

Britainia Handitik kanpo

Lehen aldia da Britainia Handitik kanpo egindako material didaktikoei sari hau ematen zaiena. Azken lau urteei bagagozkie, Cambridge University Press, Oxford University Press eta ingeleseko hiztegiak egiten dituen McMillan argitaletxea izan dira hurrenez hurren sarituak. Aurten Gipuzkoako Ikastolen Elkarteari eman diote. Ez da izan inondik ere sarian pentsatuta egindako CD-ROMa, aspaldidanik martxan dagoen proiektu baten barruan garatutakoa baizik. Proiektu hau, Eleanitz-English alegia, 1991ean jarri zen martxan 4 urteko ikasleekin modu esperimentalean zortzi ikastoletan. Gaur 73 ikastolek hartzen dute parte eta 25.000 dira ingelesa modu horretan ikasten ari diren ikasleak. Horietatik 2.000 azken fasean daude eta Gizarte arloa ingelesez ematen ari dira. Egin diren ebaluazioek arlo horretako edukiak bereganatzeko adina ingeles badakitela frogatu dute.

English-Speaking Union fundazioa, bestalde, nazioarteko hezkuntza-erakundea da, 1918an sortua, "ingelesaren erabileraren bidez nazioarteko ulermena eta adiskidetasuna" sustatzeko. Erakunde independente eta ez-politikoa da, eta pertsonaia publiko asko eta oso ezagunen laguntzari esker dihardu, bai eta munduan dituen milaka eta milaka kideren laguntzari esker ere. ESU erakundearen sariak urtero ematen dira, ingeles hizkuntzaren eta ingelesaren irakaskuntzaren alorreko berrikuntzak eta ohitura onak saritzeko.

Atzo Ikastolen Elkartetik lankide talde bat etorri zen Londresera, nahiz eta, esan bezala, hiru lagun bakarrik sartu diren gero Buckinghameko jauregian. Guztiak fundazioko egoitzan bildu dira zeremoniaren ondoren eskainitako errezepzioan eta hor izan dute ikastolen berri emateko aukera zuzena.

Erantzunak

Ezkur
2006-11-16 : 18:11

Zorionak lortutako sari garrantzitsu honengatik. Benetan, ikaragarrizko poza hartu nuen honen berri izan nuenean.

Hala ere, zuen web orriak ikusita (Explorer dutenek ikusiko dituzte, nik ezin dut ongi ikusi) eta zuen ikastoletan erabiltzen duzuen softwarea (Windows, Office...) kontuan harturik, baduzue oraindik zertan hobetu.

Animo eta ez etsi bide horretan.

Erantzun

Sartu