Uliako kantilak izorratu nahi dituzte
Azken egunotan Gipuzkoako prentsak argitaratu duenez, Donostiako udalak "pasarela" bat eraiki nahi omen du Uliako labarretan, Saguestik Monpaseraino. Horretarako, alde batera utzi dituzte ingurune hori babesteko eta zaintzeko dauden araudi guztiak, udalarenak zein beste hainbat erakunderenak.
Uliako kantilak. Donostia inguruko gune naturaletan ongien kontserbatutakoa. Hainbat animalia eta landareren bizileku aparta, eta batzuen kasuan, azkena. Eusko Jaurlaritzak Europako Natura 2000 sarera biltzeko aukeratua, proposatua eta Europako Batasunak, proposamena onetsirik, bere zerrendetan sartua (PDF). EAEko Itsas Ertza babesteko Lurralde Planak (PDF) ere zorrotz eta berezi babesteko agindua emana. Donostiako Udalak berak egindako Plan Bereziak, 2003ko uztailean onetsia, erabaki horiek jaso eta horietan definitutako gunea berdin babesteko erabakia berretsi zuen.
Ez dio axola. Alferrikako bihurtu nahi dute hori guztia.
Hainbat urtetan hainbat agente publiko eta pribatuk eztabaidatutako eta landutako planifikazio-tresna horiek guztiak baztertu, eta Zurriola aldeko labarren gainean oinezkoentzako pasarela bat egin nahi du Donostiako alkateak. Eta inguruan luxuzko hotela ere bai, agidanez. Horretarako, gainera, bere alderdiko Madrilgo lagunek eskutxo bat emango omen diote --13 milioi eurotik gorako eskutxoa, hain zuzen--, nork eta... Ingurumen Ministerioak berak! Nork eta bere webgunean bertan esandako guztiaren berri bildu eta eskaintzen duen eta Natura zaintzeko agindua duen Ministerioak berak!
Utikan naturaren babesa, utikan hegaztien bakea, utikan planifikazioa eta urtetako lana. Zertarako? Izan bedi dena Gipuzkoako komunikabide nagusiaren jabeen eta datorren maiatzeko boto-kopuruaren mesedetan.
Odon I.ak esana: Hiria, neu naiz.
Erantzunak kargatzen...