Andoainen atzo izandako mahainguruko kronika bidali digu, antolakuntzaren izenean, bertako euskara teknikari Nekane Goikoetxeak erantzun batean. Handik portadara ekarri dugu. Hala dio Goikoetxeak: 30 bat lagun elkartu ginen atzo Bastero Kulturgunean. Publikoa bi multzotan banatuko nuke: bipuntuzeroren olatuan surfeatzen dabiltzanen kuadrilla eta herritarrak, batez ere ikastetxeetako jendea.
Hasteko, antolatzaileen aldetik autokritika egin beharko genuke baliabideak eskasak izan zirelako. Oinarrizko tresnak falta izan ziren (flasha edota mikroak) eta harritzekoa bada ere Bastero bezalako eraikin berri batek ez du wi-firik, beraz, interneterako konexioak ere erren... Joxe, Iban, Maite eta Jakesen laguntzaz saihestu genituen zailtasunak, 2.0 jarrera erakutsi baitzuten laurok.
Zailtasunen harira aipatu nahiko nuke administrazioa zein urruti dagoen 2.0 jarrera horretatik. Kasu onentsuenean informazioa ematen du baina nekez komunikazioa. Zentzu horretan aurreko erantzunaren kritika nirea egiten dut eta horretara dator kronikatxo hau.
Alderdi positiboak aipatu nahiko nituzke ondoren:
1) Web 2.0 "Iparraldea Andoainen" egitasmoaren barruan? Bai. Egitasmo honen helburua ipar-hego zubigintza egitea da. Ikuspegia ere garrantzitsua da guretzat, iparraldearen irudi gaurkotua eman nahi baitugu. Oso lan interesgarriak egiten ari dira. Egitasmoaren hirugarren urtea dugu hau eta bi berrikuntza nagusi txertatu dizkiogu; bata, andoaindarrak ere iparraldera eramatea eta, bestea, ohiko kultur jarduerez gain (kantua, dantza, literatura...) hizkuntza eta hizkuntza-komunitatea propio lantzea. Web 2.0 kontzeptua ikusten dut trukaketan eta euskal blogosferaren eraikitzean.
2) Herritarrekiko helburuak bete ditugu. Web 2.0 iraultza bat da, rol aldaketa (irakasle/ikasle, komunikatzaile-antolatzaile/kontsumitzaile), berdintasun eta eskuzabaltasun ariketa, kultura berria. Modu ulergarrian azaldu zaie herritarrei zer den 2.0 eta balorazio positiboak jaso ditugu beraien aldetik, gustatu zaie. Denok egingo dugu hobera kultura berriari eusten badiogu. Adibide praktiko bat: asko aurreratuko genuke Andoainen ikastetxeek zenbait egitasmo partekatuko balituzkete, alde batera utzita lehia gorria. Ideia iraultzailea da.
3) Web 2.0 kontzeptua sozializatzeak duen garrantziaz jabetu gara. Uste dut bete-betean asmatu genuela atzoko laukotearekin (Joxe, Iban, Jakes, Maite). Bipuntuzeroren olatuan surfeatzen dabiltzanak egiten dutena bezain inportantea da jendea itsasoan murgilaraztea. Andoaindartutako debarra naizenez lagako didazue lizentziarekin jarraitzen...Orain 15 urte pijoen kirola zen surfa, gaur egun euskal rok taldeetako kantariak ikusten ditugu taula besapean dutela. Izan ere, ederra da itsasoa. Lortuko al dugu gauza bera teknologia berriekin?
Bukatzeko, barkatu hainbeste luzatu izana baina batzuk 30 orriko aktekin lan egiten ohituta gaude. Erantzunak nahiko nituzke...
Nekane G.
Joxe Aranzabal maisuak esan bezala, ni ere oso gustura egon nintzen atzoko solasaldian. Joxe eta Iban ezagutzen nituen, Jakes Larre EKEroa ez, baina interesgarriena Maite Goñi, Ordiziako IKTeroak, kontatu zuena izan zen niretzat.
Erakundeek ez al diete Ordiziako Euskal Jakintzako hauei saririk emateko asmorik? Hasten direnean, ikusiko duzue a zer nolako piloa. Sarelari baino, sarilari bihurtuko dira.
Plazerra izan zen hauek entzutea eta han bildutako beste blogari batzuei aurpegia jartzea.
Goian esandakoaz gain, niri oso argigarri egin zitzaidan mahaingurua bere osotasunean, bipuntuzero deskubritu nuelako jarrera eta jokamolde gisa, aplikazioen bilduma soiletik haratago. Sarean -eta beraz munduan- jarduteko postura bat da, aktiboa eta partehartzailea, elkarlanezkoa. Ez da soilik teknofilia kontua, eraldaketarako gailu eraginkorra ere bai. Ordiziako ikastolan egin dena adibide ikaragarria da.
Eta errematerako... afari goxoa eta lagunarte atsegina. Mila esker, Nekane.
Nekane: "Orain 15 urte pijoen kirola zen surfa, gaur egun euskal rok taldeetako kantariak ikusten ditugu taula besapean dutela" irakurri dizut.
Orain hamabost urte, gerora eraitsi egin zuten Zarauzko malekoi zaharrean, "Surfa eta borroka" zioen pintada irakur zitekeen. Gaur egun, pintada hura aldarrikatzen [eta akaso egin zuen] laguna da aipatu duzun euskal rock talde horretako abeslariak duen
olatu-lagun handienetakoa, izatez txikia izan arren. Gauzak asko aldatu dira. Baina batez ere jendearen jarrera aldatu da surfarekin, musika estiloekin bezala, beste zerbait esatearren.
Baina, tira, zehaztasunetak galdu gabe, zorionak egindako ahaleginagatik. Dudarik gabe, itsasoa ederra da. Bizi 2.0
Dihardugunon familia handitzeko balio izan zuen Andoainekoak. Ia hango 30etik blogariren bat gehiago irabazten dugun euskara. Demasa litzateke!!!!
Guk preparatu genuen jarduna surflari ez zirenendako eta hara heldu eta Gorka Julio, Imanol Soriano, Mikel Irizar, Mikel Iturria, Luistxo Fernandez ... Baina bueno, horrelakoetan beti ikasten da zer edo zer. Nik asko ikasi nuen gainontzeko hizlariengandik eta baita afarian izan genuen rollo onetik ere. Antolatzaileak eskertzea batzuetan tokatu egiten da, oraingoan sentitu ere bai. Eskerrik asko.
Aurkezpena jarri dut slidesharen : web 2.0 Andoainen
Iban
Aurreko guztiekin erabat ados! Hasteko, mila esker antolatzaileei gutaz akordatzeagatik. Benetan interesgarriak han esan eta ikusitakoak: arlo ezberdinetako jendea baina pasio komun batez kidetuak (sareak ekar dakizkigukeen onurei etekina atera nahia, partaidetza, elkarrekin lan egiteko grina...). Ea hara hurbildutako norbaiti gure gogoa kutsatzeko gai izan ginen!
Nola utzi aipatu gabe mahai-inguru ondorena eta izenez bakarrik ezagutzen genituen blogariei aurpegia jartzeko aukera! Eta ezagutzen genituenak berriz ikustekoa ere, noski! Ezusteko polita lehengo egunekoa zalantzarik gabe...
Bukatzeko, mila esker, Iturri eta Mikel esandako hitzengatik, merezi gabekoak seguru aski, baina bide horretatik lanean jarraitzera animatzen gaituztenak. Sariren bat iristen bada, beste afari batera gonbidatuta zaudete! :-)
Norbaitek han esandakoari buruz zertxobait gehiago jakin nahi badu, hementxe topa dezake aurkezpena.
Interesgarria nola aurkezpena egin duzuenok zuen presentazioa tresna berri hauetako bat erabiliz jarri duzuen sarean. Slideshare zerbitzuari esker, oso ederto txertatzen ahal dira Interneten powerpointak (OpenOffice-ko Impress-ekin ere ondo dabil).
Laugarren hizlariak, Euskal Kultur Erakundeko Jakes Larrek ez zuen PPT erabili, PDF bat baizik, baina hura Interneten jasotzea ere interesgarria iruditu zait, eta hemen kargatu dut (mega bateko PDF-a): EKE.org atariaren eduki-kudeaketa sistemaren aurkezpen bat izan zen, eta uste dut nahiko ondo jaso zuela CodeSyntax-en haientzat egin genuen lana.
Lotura jartzea ahaztu zait, barkatu. Hemen duzue Jakes Larre Eke.org-en inguruan
(mega bateko PDF-a)
Aurrena Jakintza Ikastolakoei eta Maiteri nire zorionak! Ni ez nintzen Andoainen egon baina interes handiz jarraitu dut han azaldutakoa. Hezkuntzan lan egiten dudanez oso interesgarria eta txalogarria iruditzen zait zuek egiten duzuena eta nire partetik egin dezakedana egingo dut zuen lana Hezkuntza Sailean ezagutu dezaten. Hortik aurrerakoa...ikusiko dugu zertan gelditzen den. Zorionak berriz eta segi jarrera korrekin eta eskura dauden baliabideei halako etekina ateratzen.
Autokritikak autokritika, oso gustura sentitu ginen Bastero kultura etxean, sekulako harrera egin zenigun-eta.
Kronika zehatza egin duzu atzo han esandakoaz, baina nik erantsiko nuke mahai inguruaren ostean oparitu zenigun denbora eta afaria ere emankorrak izan zirela oso.
Nik, adibidez, hantxe ezagutu nuen, aurrez aurre, Gorka Julio sarelari andoaindarra. Gauaren hotzak ez zuen eragin bipuntuzeroon bihotzetan. Mila esker guztiagatik.