Euskara hutsezko bilatzailea Sustatun
Euskarazko bilatzaile honek euskara hutsezko zenbait eduki arakatzen ditu. Adibidez:
- Berria
- Argia
- Blogari.net
- Blogak.com
- Euskaraz.net
- Sustatu bera ere bai.
- Eta beste zenbait.
Euskarazko informazio duen webguneren bat arakaturikoen artean sartzea komeni dela uste baduzu, jarri kontaktuan gurekin. Printzipioz, euskara hutsezko edukiak nahi ditugu. Hortaz, hizkuntza desberdinetakoetan, baloratu behar dugu ea URL edo helbideen bitartez erdarazkoak diskriminatu daitezkeen.
Adibidez: eibar.org nagusiki euskaraz da, baina erdarazko edukiak dituzte blogari batzuek. Hala ere, eduki horien URL-ak detektatu daitezke eta emaitzetatik ezabatu
- www.eibar.org/blogak/erral/es
- www.eibar.org/blogak/prospektiba/es
- www.eibar.org/blogak/luistxo/en
Helbide horiek ezabatu daitezkeenez, ez dugu hango edukietan bilatuko. Erabili kontaktu-orria webgune jakin bat hemen azaldu nahi baduzu.
Bilaketa sistema honek Google Co-op zerbitzuaren baliabide bat erabiltzen du: Google Custom Search. Funtsean, Googleren emaitzak arakatzen ditu, baina zuk zehaztutako domeinu eta azpi-domeinu batzuetara mugaturik, filtro eraginkor bat eginez. Horrez gain, bilaketaren emaitza zure webgunean integratzen uzten dizu, publizitatearen truke, baina publizitate horretan klik eginez gero, argitaratzaileak ere bere partea eramango du, Adsense programarekin gertatzen den bezala. Hortaz, Sustatuko euskarazko bilatzailearen emaitzetan klik bat gertatuz gero, bost zentimo Googlerentzat, hamar zentimo Sustaturentzat (kopuruak aldakorrak dira, proportzioa hori da, hala ere).
Uste dugu euskara hutsezko bilaketa hau praktikoa izan daitekeela. Batetik, bizi-bizi dauden webguneen edukiak arakatuko nahi genituzke gehienbat (euskara hutsezko hedabideak, blog komunitateak...). Bestetik, izen propio bat edo nazioarteko termino bat bilatuz gero, euskara hutsezko edukiak hobeto aurkitzen lagundu dezake halaber. Esate baterako, Ubuntu edo Albert Einstein bilatuz, Googleren bilaketa arruntean euskaraz aurkituko ez duguna topatuko dugu hemen.
Bilaketaren emaitza orrian Sustaturen diseinu apur bat bortxatua ageri da: finduko dugu, Google Custom Search zerbitzua bart iluntzean iragarri zuen Googlek, eta azkar samar asmatu dugu integrazio hau. Emaitzen interfazean ingelesa agertzea, berriz, ez dago gure esku, Googlerenean baizik (oraingoz).
Egin zure aprobak, erabili Sustaturen euskara hutsezko bilatzailea
Erantzunak kargatzen...