Teknologia albisteak
1

UEU, 2006-2007 ikasturtearen inaugurazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Prospektiba blogetik
2006-10-06 : 11:10

Tim O’Reilly-k, web 2.0 kontzeptuaren asmatzailea eta Interneteko guruak, Gasteiz-en bere hitzaldia ematen zuen bitartean UEU -k 2006-2007 ikasturtearen inaugurazio ekitaldia egin du Markeskoa jauretxean.

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Marijo Telleria, Eibarko Udalaren ordezkariak eta Lore Erriondo UEUren zuzendariak eman diote hasiera ikasturteari, eta ongi etorri hitzen ondoren 2006-2007 ikasturtearen inaugurazioa eta jarduera akademikoaren aurkezpena egin dute.

Azken urteetan, pixkanaka sendotzen eta luzatzen doaz UEUren eskaintza akademikoa, materialgintza, argitalpenak eta IKT zerbitzuak. Eta gauden bezala ezaguera gizartean murgildurik, nola ez, etengabeko prestakuntza. Jarraitu dadila haskundea, seinale ona da. Gainera, egun gutxi barru UEUk Unibertsitate atari euskaldun berria aurkeztuko duela aurreratu digu Lore Erriondok. Laster izango dugu horren berri.

Bisitaldi gidatua izan dugu Markeskuan eta egoitza txukuna du UEUk Lopez de Isasi merkatariaren izandako jauretxean. Arretaz bisitatu dugu Jauretxean Tekniker Ikerketa Zentroak UEUrekin elkarlanean Sormena eta berrikuntza lantzeko prestatu duten eremu berria. Metodologia eta teknika bereziez lagunduta, enpresa edo erakundeek ideia berriak sortzeko eta lantzeko prestatuta dagoen eremu irekia.

Gasteizen O'Really entzuten egon ez arren, ikasturtea hasteko Web 2.0-ari buruz jakin nahi duenak, euskaraz UEUren ikastarora joatea dauka. Irakaslea Gorka Julio, Markeskoan, urriaren 16tik aurrera.

Aurrerago, IKTeekin zerikusia duen jarduera akademiko ugari: edizio digitala, multimedia baliabideak musikarako, blogak, Internet, software librea, hizkuntza teknologiak, ... eta bestelako eremu askotan beste hainbeste. Horra hor aukera.

Prospektiba blogetik hartuta.

Erantzunak

Sustatu
2006-10-09 : 13:32

Enekok zeharka aipatzen duen hori, Tim O'Reilly adituaren hitzaldia Gasteizen ostegun horretan bertan... Euskaldunak izan ziren O'Reilly entzuten, baina ez da euskal blogosferan oso kronika sakonik azaldu. Mutilmedian honako hau, adibidez.


Bestalde, Berrian elkarrizketa egin zioten eta atzo igandez argitaratu zen.
Ingelesaren eta euskararen arteko itzulpen automatiko zuzena posible izango dela iruditzen zaio O'Reillyri, azken erantzunean dioenagatik.


Erantzun

Sartu