Teknologia albisteak
2

Lanroberren arteko maitasuna

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Sustatu
2006-09-29 : 13:09

Iritsi da, hemen duzu azkenik "Kutsidazu bidea, Ixabel" Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesek zuzenduriko taldeak pelikula bihurtu duen istorioa, aurretik liburu, antzerki eta DVD izan ondoren.

Kontagai berberaren moldagarritasun hori garraztasun-puntu batekin kritikatu zuen zenbaitek, behi zaharrari errapetik tiraka ibiltze hori ideia-faltaren adierazgarritzat harturik; hala ere, Aingeru Epaltzak aipatu zuen kulturaren eta industriaren bizitasunaren seinale zela formatuz aldatzeko gaitasuna, merkatu normal samarra duten herrialde guztietan gertatzen zena, eta ongietorria ematen ziola, horrenbestez, Sagastizabalen nobela ikus-entzunezko bihurtzeari.

Merkatuaren normalizazioa txalogarri edo deitoragarria den alde batera utzita, produktu bakoitzaren kalitateari erreparatzea komeni izaten da. Eleberri labur hura sekulakoa iruditu zitzaidan atera berritan irakurri nuenetik (trenean barreari eutsi ezinik joan nintzela oroitzen naiz); taularako egokitzapena egoki eta xuxena izan zen, eta emaitza ikuskizun atsegin eta umoretsua, lagun asko antzerkiarekin adiskidetzea ekarri zuena (beste kontu bat da "horrelako" antzerkira mugatu behar ote dugun). DVDa ez dut ikusi, baina pelikula bai, eta horretaz arituko naiz.

Dagoeneko irakurriko zenuten prentsan, eta entzun ere bai irrati edo telebistan, zinemaratze on bat egin dutela, jendeak barre sano egin zuela baina osagai sozio-politikoak erantsi dizkiotela, jendea gustura gelditu dela eta arrakasta ziurra iragartzeko moduan gaudela denok.

Eta nik? Badirudi orain kritiko txorrotxa etorri eta hankaz gora jarriko duela dena, hori tokatzen dela. Bada, ez. Nik ere poz-pozik ikusi nuen, lan polit, txukun, dibertigarri eta une batzuetan hunkigarria iruditu zitzaidan, eta edonori gomendatuko nioke ikustera joateko; dagoeneko pantaila komertzialetan ikusgai dago, eta, ongi pasatzeaz gainera, ez da batere txarto etorriko ikusle mordoxka lortzea, lan honen errentagarritasunerako ez ezik, ondoren etor litezkeenen bultzagarri.

Iruzkina egiten hasita beste zer edo zer esan beharko dut, hala ere. Liburuetatik zinemarako bidean istorioak galdu egiten duela esan ohi da, hainbat ñabardura, pertsonaia eta hari alde batera utzi direla. Hemen, berriz, kontrakoa gertatu da: jatorrizko testuak hizkuntza maite-gorrotatuaren gorabeherekin jokatzen zuen batik bat, eta hemen beste hainbat elementu erantsi zaizkio: mataza sendoago bat, bigarren mailako hariak ere badituena; garai jakin batean kokatzea (78ko uda, San Ferminetan German Rodriguez hil berri zutela), horrek ematen dion zehaztasun eta kolorearekin; aurrekoaren osagarri, garaiko giro politiko eta baita sentimentalaren printzak (Espainian ikusteko orduan lagungarri izango ez duena, baina bestela ere ez dut uste Espainiatik lore asko botako liguketenik); eta batez ere maitasun-istorio ongi lotu bat, xinplea baina xarmagarria, lokala irudi lezakeen kontagaia unibertsal bihurtzen duena.

Antzerkian trebaturiko gidoilari nahiz zuzendariek zinema egiteko esku ona erakutsi dute, eta berdin esan liteke aktoreez ere. Bereziki aipatzekoa iruditu zait Jose Luis Ugartemendia, aitaren rola bikain egiten duena eta aurretik artista-kontu hauetan ibili gabea, nonbait; Iñake Irastorza profesional onari, berriz, ez dio batere mesederik egiten Wazemank-eko Arregitarretako Eloren paper berdintsua jokatzeak.

Karikaturarako joera txikikeria bat da ordea filmak dituen dohainen aldean. Kritikoak kritikaren bat egin behar-eta, badakizue. Ez gelditu ikusi gabe, hartara zuek ere izango duzue zer kritikatu, eta zer txalotu.

Eta galdera bat, amaitzeko: kopia guztiek eramango al dituzten gaztelaniazko azpititulu gogaikarri horiek "Aupa Etxebeste"n bezala? Ezetz espero dut.

Erantzunak

Sustatu
2006-10-02 : 12:34

Amatiñok ere filmaren inguruko iritzia eman du bere blogean.


Ez dirudi Mendigurenekin oso ados dagoenik:
Ixabelen nahi ta ezinezko bidea


Eta zuk? Ikusi duzu pelikula? Zer iruditu zaizu?


Eneko Olasagasti
2006-10-09 : 02:09



Ba ez, denek ez dute azpititulo gogaikarri hoiek eramango. Izan badira euskara hutsesko kopiak. Hori bai hoiek ez dituzu Bilbon edota Donostian ikusiko. Zoritxarrez euskaraz egindako zineak behar du euskaraz ez dakiten euskal hiritarren partaidetza. Ikastolen edota euakarazko edozeren alde egiten diren ekitaldi jendetsuetan euskaldunak bakarrik joango balira jai genuke. Nahiko genuke horrela ez balitz baina herri gogaikarri honetan oraindik horrela da. Euskara hutsez Berriako harpidedunek ikusi ahal zuten , Ondarrun (Amatinok kontrakoa uste badu ere jendea asko joan eta gustora irten da), Ataunen, eta beste herri batzuetan ikusi ahal izango da. Jainaraziko da.

Erantzun

Sartu