Teknologia albisteak

Musikarien bizitza eta heriotza

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Sustatu
2006-09-28 : 22:09

Sail ofizialean bina film ematen dituzte egunean zinemaldian, eta ez dut uste pare horiek biltzeko irizpiderik dagoenik, baina batzuetan nolabaiteko lotura antzeman liteke, hala nola ostegun honetan, musikak batzen baititu orain arteko maila ederki ondu duten pelikula biak: "Copying Beethoven" Agnieszka Holland-ena, eta "Niwemang / Half moon" Bahman Ghobadi. Aipa ditzagun banan-banan.

Aurreko batean, arratsalderako aukera egin behar nuela-eta lagun bati galdetu nion: "Dramatzar afrikarra ala txorakeria yankia?". "Txorakeria yankia" erantzun zidan lagunak zalantzarik gabe, eta horrela ikusi nuen "Click" eta baztertu "Bamako".

Benetako txorakeria izan zen ikusi nuena, baina industria amerikarrak badaki film onak egiten ere, askotan zuzendari europarrei esker izaten bada ere. Horixe Agnieszka Holland emakumezko poloniarraren kasua: era askotako istorioetarako moldagarritasuna erakutsi du, eta kutsu komertziala galdu gabe beti asmatzen du zerbait txukun kontatzen eta gaian sakontzen.

"Copying Beethoven" Bonneko jeinu handiari buruzko film bat da. Ezin esan biopic bat denik, konpositorearen azken urteak erakusten baitizkigu, Vienan 9. Sinfonia amaitzen ari den garaia eta hortik aurrerakoa, eta filmaren osagai inportante bat fikziozkoa baita: musikariaren partiturak kopiatzeko Anna Holtz izeneko dama gazte eta eder bat agertzen da, bera ere musikagilea izan nahi duena, eta bien artean harreman berezi bat sortuko da.

Neskaren alderdi fikziozko hori alde batera utzita, ederki jasoa dago Beethovenen nortasun zail hori, eta ederra da aktoreen lana ere (Ed Harris Ludwig Van tormentatuarena egiten, eta Diane Kruger neskarenean). Hala ere, protagonista nagusia (eta hori eskertu behar zaio Holland-i) musika bera da, eta 9. Sinfoniaren interpretazioa bihurtu dute filmaren une gorena. Mozarten urteurrenean, ez dago txarto beste maisu honetaz gogoratzea (Kubrick-en "Orange o'clock" hartatik zineman gehiegi erabili ez dena).

Herri ukatuaren minak

Bahman Ghobadi zuzendari kurduak Urrezko Maskorra irabazi zuen orain dela bi urte "Turtles can fly" eder bezain gogor harekin. Orain Donostiara itzultzen zela-eta, jakin-min handia zegoen "Ilargi erdi" deritzan lan hau ikusteko, eta, dohainak badituen arren, ez zaigu iruditu aurrekoaren indar eta hunkigarritasun-mailak lortu dituenik.

Mamo musikari adineko baina guztiz ospetsua da kurduen artean. Irango Kurdistanen bizi da, baina, Saddam erori ostean, Irakeko Kurdistanen jotzeko baimena lortu du halako batean, eta hara abiatzen da, musikari-lagun dituen seme guztiak autobusean hartuta.

Autobus-bidaia hori da filmak kontatzen diguna, tartean izango dituzten gorabehera guztiekin. Ez Iranen, ez Iraken, ez Turkian ez dute haien herria onartzen, eta mila arazo sortuko zaizkie, egoeraren latza kontamoduaren umoreak leundua dagoen arren (zoragarria gidari berritsuaren pertsonaia).

Mamok, filmaren hasieran, bere heriotzaren nolabaiteko aurresentipen bat du, eta heriotza sumatu horren aztarnak han-hemen agertzen dira pelikulan zehar, halako balio sinbolio batekin edo. Horrez gain, iragaitzaz bakarrik aipatu arren, azpimarratzekoa da emakume artisten zapalketaz egindako salaketa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago