Asteburuan jai eman diegu Sustatu-ri eta Sustatuzaleei, baina Zinemaldiak aurrera jarraitu du, eta guk filmak ikusten ere bai. Gehienak gure mendebalde oparo honetakoak, baina beste errealitate batzuk erakusten dizkigutenak ere bai. Gaur pelikula horietako bi ekarriko ditut hona, onak izan gabe zer pentsatua eman digutenak: "El caracazo" Roman Chalbaud venezuelarrarena, eta "Si le vent soulève les sables" Marion Hänsel belgikarrarena.
Venezuelako gobernuak prezioak igo zituela-eta, bat-bateko matxinada piztu zen Caracasen 1989ko otsailaren 27an: jendeak, haserre, garestitu berri ziren autobusak txikitu zituen aurrena, eta, suminak gora egin ahala, dendetan lapurretan eta arpilaketan segitu zuen gero, beharrezko jangaiak gorderik zeuden-eta, igotako salneurrien zain. Polizia eta armada kalera atera, eta egundoko sarraskia egin zuten, ordena berrezarri beharrez.
Horraino gertakariak. Horren ondorioak luzeak izan ziren, ordea, Chavezek orduan ikusi omen baitzuen argia: armadak herriaren alde egon behar zuela eta ez haren kontra, eta hortik abiatu omen baitzuen bere ekina, kolpe-saio baten bidez lehenik, eta hauteskundeen bitartez hurrena.
Chalbaud ibilbide luzeko zinemagilea da; atzera begirako sail bat eskaini zion Zinemaldi honek orain dela urte batzuk, baina nik ez daukat gogoan haren filmik ikusi izana, eta, hortaz, ausarkeria handitxoa izan liteke hemen goitik beherako kritikak egiten hastea. Hala ere, komentario bat edo beste egin nahi nuke.
Film horretan alderdi epiko eta dokumentala da indartsuena: kaleko eszenak, autobusak erretzen, arpilaketak, polizien kargak, nahasmena. Pertsonaiak sartzen direnean, berriz, haien istorioak lauegiak dira, nortasunak manikeo samarrak, eta, batez ere, interpretazioek telenobeletakoen kutsu oso-osoa dute.
Hala ere, neure iritzia ere kritikaren galbahetik pasatu nahi dut: zer dakit nik egiazko Venezuelaz? Beharbada hango errealitateak zuri-beltzezko erretratuak eskatzen ditu? Politikari ustel baina militar jator eta polizia herrikoien irudi hori zilegi bihurtzen ote da Chavez Bushen jo-puntuan dagoelako? Baina-eta, ariketa anti-inperialista barregarri bat txalotzea ere ez ote litzateke europar progre-ustekoen gurasokeria erraza? Horra zalantzak eta galderak.
"Si le vent soulève les sables" filmak ere geure begirada kolonialistaz pentsarazi dit, beste modu batean baina. Afrikan kokaturiko istorio bat kontatzen zaigu, Saharako basamortuaren hegoaldera-edo. Ahuntzainen herrixka batean, lehorte latza daukatela-eta, ur-putzu berrien bila abiatzen da familia bat: aita-amak, hiru seme-alaba txiki, gamelua eta ahuntzak. Bidea luzea bezain gogorra gertatuko zaie: sikatea nonahi, armada nahiz gerrillariak edonor akabatzeko edo larrutzeko beti gertu, mina pertsonalez jositako eremuak eta abar.
Pertsonaiak ondo daude eta emakumearen tokiaz egiten den kritika egokia da, baina filma bestela motela da, errepikakor eta aspergarria. Dena dela, ez doa hortik nire gaurko gogoeta. Sahara hegoaldea aipatu dut. Zehatzago non? Ez dakigu: Indikotik Atlantikora bitartean, Jibutitik Malirako edozein herri izan liteke, hor dozena erdi bat estatu eta hamarnaka etnia bizi badira ere.
Pelikularen oinarrian eleberri bat dago, Marc Durin-Valois-en "Chamelle", eta han ere zehazgabetasun lanbrotsuan utzi dute afrikar gizajo horien jatorria. "Istorioari unibertsaltasuna emateko", idazleak zein zuzendariak esan zutenez. Benetan? Europan kokaturiko istorio bat zinemaratzean (zientzia-fikzioa ez bada), Errusiatik Britainia Handirainoko max-mix lauso bat onartuko al genuke? Eta, batez ere, sinesgarria irudituko al litzaiguke? Ez al da iparramerikarrek hegoko auzoekin egin ohi dutena, Tijuanatik Limarainoko "pate" batean urtuz desberdintasunak oro? (Afrikaren kasuan okerrago, hango hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuta).
Film hau ez da afrikarrentzat egina ordea. Belgikan eta Frantzian erakusteko egin da, Frankofoniako beren haurride koitaduez errukitzeko, eta, onenean, haien garapenerako laguntza handiagoa bideratzeko. Afrika bere begiradaren sujetu eta zinemaren jabe ez izatea arazo bat da, noski, baina hori baino arazo eta gabezia handiagoak ere badituzte afrikarrek, zoritxarrez.
Erantzun
Sartu